Emausek haurrentzako tailerrak antolatuko ditu eta Surfrider fundazioak hondakinen bilketak boluntarioekin. Igandera arte Hondarribian egongo dira.
Hondartzak zaintzeko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu dute Hondarribian
Hondartzetan hondakinen kudeaketa egokiaz sentsibilizatzeko kanpaina aurkeztu dute gaur Hondarribiko hareatzan.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamentuaren ekimena da, lurraldeko kostaldeko udalerriekin elkarlanean egiten dena, eta
Emaus eta
Surfrider fundazioen ezinbesteko laguntza duena. Emausek informazio gune ibiltaria kudeatuko du, eta Surfriderrek hondakinen bilketak egingo ditu boluntarioekin.
Europa ibilbidean informazio gunea ireki dute dagoeneko, eta igandera arte egongo da bertan. Hantxe egin dute kanpainaren aurkezpena Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak. Haien ondoan, Emauseko eta Surfriderreko ordezkariak izan dira.
Alkateak eskertu du informazio gune ibiltariak Hondarribia bisitatu izana, kontzientziatzeko balioko duelakoan: “Mezu argienak dira hobeto ulertzen direnak”, esan du, eta herritarrei deia luzatu die, informazio gunera hurbildu daitezen. “Hondartzako kudeaketa arduratsua izan behar da ezinbestean”, erantsi du.
Ingurumen diputatuak itsasora iristen diren hondakinen eta plastikoen kopurua ingurumen arazo handienetakoa dela gogorarazi du, hondartza zaindu beharra nabarmendu: “Horretarako lan egiten dugu, gure herritarrei ahalik eta zerbitzu hoberena eskaintzeko hondartzen erabilera arduratsua egin dezaten”.
Askotariko informazioa
Sentsibilizazio kanpainaren puntu mugikorrean hiru eremu desberdin ezarri dituzte. Bat, informazio orokorra zabaltzeko, beste bat, hondakinen gaikako bilketa sustatzeko, eta hirugarrena, plastikoek itsasoan duten eraginaren berri emateko.
Igandera arte egongo da informazio gunea Hondarribian. Ondoren kostaldeko beste zortzi hondartzetara bidaiatuko du: Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Gros eta Ondarreta. Hondartza horietan guztietan Surfrider fundazioak hondakin bilketak antolatuko ditu, boluntarioen laguntzarekin. Hondarribikoa ostegunan izango da (hilak 6), 16:00etan hasita. Edozeinek har dezake parte, informazio gunera hurbilduta. Zalantzaren bat izanez gero Surfriderren posta elektronikora
idatzi daiteke.
Zigarro-puntak biltzeko ontziak banatuko dituzte
Hilaren 17tik aurrera —Hondarribian ez da egingo— Orkestra Reusonikako partaide den Rocco Papia musikariak birziklatze tailerrak egingo ditu. Bildutako materialekin musika tresnak sortuko dituzte. Tresna onenekin, kontzertua eskainiko dute abuztuaren 24an Ondarretako hondartzan,
Itsasoaren soinuak jaialdiaren barruan.
Tailerrak, Emausekin
Emaus erakundeak kudeatuko du sentsibilizazio kanpainako informazio gunea. Azalpenak emateaz gain, zigarro-puntak botatzeko ontziak banatuko dituzte, eta haurrentzako tailerrak antolatu.
Arratsaldetan egingo dituzte tailerrak, 17:30etik 19:00etara. Lokotx biltzearen aldaera bat erabiliko dute horretarako: “Hondartzetan aurkitu daitezkeen hondakinen simulazioak jarriko ditugu lokotxen ordez, eta haurrek jaso egin beharko dituzte, hondakin bakoitza zein edukiontzitan bota behar den asmatuz”.