Abotsanitzek eskatuta, arkitekto frankistaren adopzio seme izendapena baliogabetu du udalbatzak, baina bere oroitarria mantenduko dute.
Oroitarriaren ondoan plaka bat jarriko dute, Muguruzari buruzko azalpenekin
Pedro Muguruza Otaño arkitekto elgoibartar zena ez da aurrerantzean Hondarribiko adopzio seme izango. Abotsanitz Udal Taldeak, izendapen hori eta hil zen urtean bere omenez Sabin Arana kalean jarri zuten oroitarria kentzeko eskatu zuen joan den ostegunean, ekaineko ohiko plenoan. Abotsanitzen ustez, Memoriaren Euskal legea urratzen dute bai izendapenak, bai oroitarriak, eta biak erretiratzeko eskatzen zuen mozioa aurkeztu zuen.
Falangista izatez, Erorien Harana eta frankismo garaiko beste obra esanguratsu ugari diseinatu zituen Muguruzak. Hondarribian zabaltze garaiko hirigintza lan askoren arduraduna izan zen, harreman oso estua baitzuen Francisco Sagarzazu alkate frankistarekin. Hainbat lan egin zituen herrian, baita zenbait proiektu erraldoi diseinatu eta burutu gabe utzi ere (Hondarribia eta Hendaia lotzeko zubia, hilerri monumentala farola inguruan…).
Ezker abertzaleko bi alderdien salbuespenarekin, gainontzeko udal taldeak oroitarria mantentzearen alde azaldu ziren eztabaidan. EAJ, PSE-EE eta PPren arabera, bereizi egin behar dira Muguruzaren izaera falangista eta frankismoaren gorazarrerako eginiko lanak, batetik, eta Hondarribian utzitako hirigintza ekarpena, bestetik.
Jarrera hori ikusita, bere mozioa puntuz puntu bozkatzeko onartu zuen Abotsanitzek, eta horrela egin zuten. Hala, adopzio seme izendapena bertan behera uzteko beste udal talde guztien aldekotasuna lortu zuen. Oroitarria kentzearen alde, baina, Abotsanitzek berak eta EH Bilduk bozkatu zuten; gainontzeko alderdiek kontra.
Hirugarrenik, oroitarriaren ondoan argibide-plaka bat jartzea erabaki zuen udalbatzak, EAJ, PSE-EE eta PPren bozkekin, eta Abotsanitzen eta EH Bilduren abstentzioarekin. Plakak, plenoaren erabakiaren berri emango du, eta Muguruzari buruzko zenbait datu azalgarri jasoko ditu.