Lehen aldiz Euskotren Ligan lehiatuko da Hondarribia asteburuko sailkatze estropadetan hirugarren eta laugarren egin eta gero.
Euskotren Ligarako sailkatu da ‘Bertako Igogailuak Hondarribia’. Irudian, Sestaoko azken metroetan
Historian lehen aldiz Euskotren Ligan lehiatuko da Hondarribia Arraun. Asteburu ahaztezina izan da berdeentzat, bi sailkatze estropadetan hirugarren (Sestaon) eta laugarren (Zierbenan) egin baitute. Horrenbestez, lau onenen txapelketarako sailkatu da
Bertako Igogailuak Hondarribia.
Iaz emakumeen ontziak ezin izan zuen uretaratu, eta Iker Cortes sestaoarrari eskatu zioten aurten taldea osatzen saiatzeko. Helburu horrekin hasi zinen urrian lanean. Sestaoarrak onartu duenez, inola ere ez zuen uste aurten Euskotren Ligara sailkatzea lortuko zutenik.
Asteburuan 3. eta 4. izan zarete, 5.ari dezenteko aldea aterata gainera. Aurreikusten zenuen horrelakorik?
Egia esanda ez. Laugarren izateko aukera errealak bazeuden, baina Arraun Lagunakekin ehunenetan eta Oriotik hain gertu ibiltzeak asko harritu gaitu.
Nola bukatu dute arraunlariek?
Pozik, oso pozik. Asteburu gogorra izan da. Baina erakutsi didate borrokarako prest daudela, ezertarako inolako beldurrik gabe.
Taldea hartu zenuenean, espero zenuen hau lortu zenezaketenik?
Ba ez. Helburu bakarra uretan egotea zen, aurten hori. Baina neguan gogor aritu gara lanean, eta lorpen hau lan gogorraren fruitua besterik ez da.
Zure ustez, zein izan da gakoa?
Urduritasuna kontrolatzea. Aste guztian zehar neskak oso urduri egon dira. Esperientzia gutxiko neskak dira, eta batzuk ez daude holako presioari ohituta. Baina asteburuan, asmatu dute, lasai egon dira, eta uretan bikain ibili dira.
Hemendik aurrera zein da helburua Eusko Tren Ligan?
Iraileko playoff-a ekidin. Laugarrenak jokatuko du kanporaketa, eta hirugarren geratzen saiatu behar dugu. Oso zaila izango da, baina hori izan behar du hemendik aurrera gure helburu bakarra.