XXXV. Petronor Bandera irabazi du Go Fit Hondarribiak. Zierbenak banderetarako eta ligarako hautagaietako bat dela erakutsi du.
Larunbatean (irudian) Urdaibaik eman zuen kolpea; igandean Ama Guadalupekoak (arg: Hondarribiko HITZA)
Eusko Label Ligako lehen hiru estropaden ondoren, Go Fit Hondarribia bigarren dago sailkapenean, Urdaibairen atzetik. Larunbatean kolpea eman zuten bermeotarrek Sestaoko Udalaren Banderan, denboraldiko bigarrena ere irabazita. Baina Nerbioiko eremu desorekatuan azken palada arte borrokatu behar izan zuten urdinek. Norekin eta Zierbenarekin, aurtengo ezustekoarekin —ez hainbesteko sorpresa, denboraldi aurreari erreparatuz—.
Ama Guadalupekoa ez zen oso aparte gelditu. Ia 11 segundo (10.90) galdu zituzten berdeek, baina azken luze ona egin zuten, hirugarren ziabogaraino parean izan zuten Santurtzi atzean utziz. Larunbateko behin behineko sailkapenean Bermeo aurretik, hiru puntura Hondarribia, laura Zierbena, eta bostera Santurtzi. Urdinek tartea irekitzen hasiak ziren ligaren bigarren estropadarako.
Baina atzo mendekua hartu zuten hondarribiarrek, Zierbenan XXXV. Petronor Bandera irabazita. Lehen ziabogara ja aurretik iritsi zen Hondarribiko ontzia, Bermeo hiru segundora eta Zierbena laura. Hortik amaierara arte tarteari eutsi zioten Mikel Orbañanosen mutilek; azken luzean Bermeok ezin izan beste bien erritmoa mantendu. Lehen maniobran Cabo eta Orio ohorezko txandako denboretan zeuden; gerora Cabok indarra galdu zuen, baina Oriok laugarren bukatu zuen estropada, sei ehunen Urdaibairen atzetik.
Sei ehunen horiengatik Urdaibaik hirugarren egin zuen atzo, eta lidergoari eutsi dio, baina Ama Guadalupekoa eta Zierbena oso gertu ditu, puntu bakarrera eta hirura hurrenez hurren. Santurtzi eta Orio atzeraxeago datoz, baina aurretik Galiziako asteburua dute, eta hor,
meigak tarteko, edozer gerta daiteke. Hurrengo bi estropadetan II Cidade de Coruña Bandeira izango dute jokoan Eusko Label Ligako hamabi traineruek.