Lehenengoa EH Bilduren ekimenez aurkeztu zen, bigarrena Sare mugimenduaren 'Orain presoak' kanpainaren barruan kokatzen da.
Hondarribiko Udalak Iratxe Sorzabal euskal preso irundarraren aldeko eta sakabanatze politikaren kontrako mozio bana onartu zituen atzo, ekaineko ohiko osoko bilkuraren barruan. Lehenengoa EH Bilduren ekimenez aurkeztu zen, bigarrena Sare mugimenduaren
Orain presoak kanpainaren barruan kokatzen da. Biak gehiengo osoz onartu ziren.
Sare mugimenduaren mozioak euskal preso guztiak zituen jomuga. Erakunde horretako kide batek azaldu zuenez, “presoak etxera hurbiltzeko eskaera egiteko” aurkeztu zuten testua, eta familia Hondarribian duen eta Asturiasko Villabonako espetxean preso dagoen Urko Labeaga sopelarra aipatu zuen aurkezpenean. Mozioa onartzerakoan, “urruntze politikarekin ados ez” dagoela adierazi zuen udalak. PPk kontra bozkatu zuen, gainontzeko udal talde guztiek (EAJ, Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EE), alde.
Aurretik, Iratxe Sorzabalen aldeko mozioa onartu zuten Hondarribiko udal ordezkariek, PPren kontrako botoarekin eta hautetsi sozialistaren abstentzioarekin. Carlos Gebara EH Bilduko bozeramaileak azaldu zuenez, Sorzabal irundarra da, baina aita hondarribiarra zuen, eta bertan bizi da eta ikasten du presoaren alabak.
Maiatzaren 30ean Sorzabalen kontrako hiru euro agindu aztertu zituzten Parisko Helegite Auzitegian. Iraila bukaerarako espero da ebazpena; ordurako, 2001ean Sorzabalek torturak jasan ote zituen ikertzeko tartea izango du Pariseko Auzitegiak. Hain zuzen ere, torturapean lortutako testigantzak onartzearen kontra agertu zen udala, eta Sorzabalen egoeragatik kezka adierazi. PPk ez beste alderdi guztiek babestu zuten mozioa.
Ekainaren 2an Sorzabalen aldeko manifestazioa egin zuten Irunen