AECC Gipuzkoak azaleko minbizia prebenitzeko kanpaina egingo du bi astelehenez Hondarribian. Norberaren melanina maila neurtzeko aukera izango da.
Uztailaren 2an eta 9an bisitatuko du AECC Gipuzkoak Hondarribiko hondartza
Hurrengo bi astelehenetan, uztailaren 2an eta 9an, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC Gipuzkoa) azaleko minbiziaren aurkako prebentzio kanpaina egingo du Hondarribiko hondartzan, 09:30etik 13:30era. Aldundiko Ingurumen sailarekin batera ari dira kanpaina egiten. Bost astez, Gipuzkoako kostaldeko bost udalerri eta barnealdeko beste zazpi bisitatuko dituzte.
Kanpainan, boluntarioak eta langile kualifikatuak parte hartuko dute, eta eguzki esposizioari lotutako arriskuei buruzko informazioa banatuko dute. Beste azalpen praktikoen artean, azaleko melanina neurtzeko aukera izango dute postu ibiltarira hurbiltzen direnek. “Eguzki izpiekiko esposiziorako gomendatutako denbora ezagutzeko” balio duela argitu du AECC Gipuzkoak.
AECC Gipuzkoako prebentzio arloko arduradun Maider Sierrak jakinarazi duenez, minbizien artean zabalduena da azalekoa, baina baita prebenitzen errazena ere. “Azaleko minbizia da mundu osoan ohikoena eta beste edozein tumore baino bizkorrago ari da ugaritzen”, esan du. Hala ere, minbizia mota guztien artean, “modu errazenean prebeni daitekeena” dela erantsi du.
Megafonia bidezko mezuak
Bainu denboraldian zehar herrialdeko hondartzetara joaten denak AECC Gipuzkoaren mezuak entzungo ditu tarteka megafoniaren bidez. Eguzki erradiazioaren arriskuetatik babestea dute helburua mezuok, eta minbizia prebenitzeko neurri errazen berri emango dute.
Hala, babesa bi orduz behin edo bainua hartu ondoren berritu, begiak eguzkitako betaurrekoak edo kapelu hegal zabalak erabilita babestu, eta hidratatu beharra, haurrengan eta adinekoengan arreta berezia jarrita, horrelako mezuak zabalduko dituzte hareatzetako bozgorailuek.
Minbiziaren kontrako elkarteak nabarmendu duenez, lainoek ez dute arriskua gutxitzen. “Eguzki-erradiazioa beste egun batzuetakoa bezain handia denean arriskuak bere horretan jarraitzen du. Hori dela eta, beharrezkoa da geure buruak berdin-berdin babestea eta, batez ere, erradiazio ultramorearen maila handieneko orduetan, eguerdiko hamabiak eta arratsaldeko seiak artean”.