Bihar eta etzi jokatuko dituzte Euskotren Ligako sailkatze kanporaketak. San Juan barruan, Hondarribia beste hiru postuetako bat lortzen saiatuko da.
Udako denboraldi hasierako asteburu garrantzitsuenera iritsi dira emakumeen traineruak
Iritsi da egutegian seinalatutako asteburua. Bihar Portugalete-Sestaon (18:00) eta etzi Zierbenan (12:00) erabakiko da udaran zein lau traineru lehiatuko diren
Euskotren Ligan. Horietako bat dagoeneko ezaguna da, San Juango
Batelerak, iazko txapelketa irabazteagatik automatikoki sailkatuta baitaude arroxak. Beste hiru postu daude jokoan, eta hautagai asko, horien artean Hondarribia.
Hiru postu daude erabakitzeko. Badirudi Orio koska bat aurretik dagoela, eta postuetako bat beretzat izango dela. Beste bietarako hautagai nagusiak Donostia Arraun, Deustu, Donostiarra eta Hondarribia dira; laurek erakutsi dute egun ona izanez gero San Juan eta Orioren ondoren hurrengoak izateko gai direla.
Hondarribia Arraunek lortuko balu, lehen aldiz ariko lirateke berdeak Euskotren Ligan. Meritu handiko lorpena litzateke, kontuan izanik iaz ezin izan zirela uretaratu, emakume faltagatik. Aukera errealak dituzte berdeek, Emakumeen Traineruen Elkarteko (ETE) orain arteko bi proba ez puntuagarrietan 5. (Portugaleten, kale txarretik), eta 4. (Donibane Lohizunen) izan baitira.
Aste honetan Bertako Igogailuak babeslearekin akordioa sinatu dute hondarribiarrek, eta Euskotren Ligarako sailkatuaz errubrikatu nahiko dute akordioa. Ibai Salazar igogailu mantenu arloko enpresako ordezkariak eta Joxemi Elduaien Hondarribia Arraun Elkarteko presidenteak sinatu zuten hitzarmena. Printzipioz bi urtekoa da, baina bi aldeek hirugarren urtetik aurrera aliantza luzatzeko nahia adierazi dute.
Bertako Igogailuak Hondarribia izango da nesken traineruaren izena
Mutilen hiru estropada
Erabakigarrienak neskenak diren arren, mutilak ere uretaratuko dira asteburuan. Eusko Label Ligako ontziek eremu berberetan lehiatuko dira, Sestaon bihar eta Zierbenan etzi, nesken sailkatze proben ondoren. Oarso Bidasoko traineruei dagokionez,
Go Fit Hondarribia banderaren bila aterako da, ohorezko txandan. Pasaiako bi eskifaiek hasierako laukotean bogatuko dute.
Ama Guadalupekoa, ekaina hasieran entrenatzen
KAE ligetan bi bandera zeuden aurreikusita etzirako, baina bakarra jokatuko da, Getariakoa, KAE1 Ligaren barruan. KAE2ko Sestaoko Bandera bertan behera geratu da, Iberia talde antolatzaileak ez dituelako estropada egiteko behar diren baimenak lortu. Hortaz, Hondarribiko
txotxuek, atseden izango dute asteburuan.
(*) Zerrendan ageri ez den arren (neguan ez da entrenatu), Julen Castrillonen izena gehitu behar da. Baliteke denboraldian zehar estropadaren batean edo bestean B ontziarekin lehiatzea, eta klubak bere izena eman du Kantauriko Traineruen Elkartean.