Orain dela hogei urte Irungo emakumeek abiatu zuten borrokak Euskal Herriko emakumeak libreago izatea suposatu duela ziurtatu dute
Alarde barrutik edo espaloitik parte hartzeko deia egin du LABek.
Bihar beteko dira hogei urte Irungo hainbat emakume alardean sartzen saiatu zirenetik. Horren harira, LAB sindikatuak deialdia egin du alarde publikoa babestera joateko.
1998ko ekintza hark emakumeen eskubideen aldeko borroka feministan pauso bat gehiago suposatu zuela esan du LABek. “Orain hogei urte Irungo emakumeek sinbolikoak duen garrantzia argi ikusi zuten, argi izan zuten emakumeon parte hartze librerik gabe jaiak ez direla ez parekideak ezta askeak ere. Argi izan zuten kaleak ere emakumeonak ere badirela”.
Parte hartze saiakera hark izan zuen erantzuna ere gogorarazi dute. “Hogei urtez ukazioa, gatazka, biolentzia, irain eta ezegite politikoa ezagutu ditugu, baita gure alkate [Jose Antonio] Santano jaunaren eskutik ere, herria zatitzen duen gatazkari irtenbidea emateaz baino, hauteskunde kalkuluekin kezkatuago”, gaineratu dute.
Mugimendu feminista, ikono
Gatazka gainditu ez dela berretsi du LABek, eta oraindik sistema kapitalista heteropatriarkala indarrean dagoela gaineratu dute. Alarde parekidearen zein emakume langileen eskubideen alde aritu direnen borroka txalotu dute, eta eskerrak eman dizkiete. “Mugimendu feminista eraldaketaren ikono bihurtu da”, ziurtatu dute. Martxoaren 8an hori argi geratu zela nabarmendu dute.
Horregatik, langile klasea alarde publikoko emakumeak txalotzera deitu dute. “Desfilean nahiz espaloian txaloka, langile klasea atera dadila kalera alarde publikoarekin”.