2004tik Irungo alarde parekidean hartu du parte. Aurten, bosgarrenez jeneral bezala desfilatuko du: «Gauzak asko aldatu dira azken urteotan».
Inma Landa, alarde parekideko jenerala.
2004tik Irungo alarde parekidean hartu du parte. Aurten, bosgarrenez jeneral bezala desfilatuko du: «Gauzak asko aldatu dira azken urteotan».
Joan den astean alarde parekidearen 20. urteurrena ospatu zenuten, ekitaldi hunkigarri batean. Nola bizitu zenuen?
Batez ere gure jendeari aitortza egiteko ekitaldia izan zen, urte gogor hauetan lagundu diguten instituzioei eta kalean egon diren herritarrei. Azken urteetan gauzak asko baretu dira, lasai joan da alardea, eta batez ere lehenengo urteetan ateratzera ausartu ziren emakumeak eta lagundu zituzten gizonak omendu nahi izan genituen.
Euskal Herriko 500 emakume baino gehiagoren babesa jaso duzue aurten. Emakume asko gerturatuko dira bihar Irunera, ezta?
Bai, hala da. Aurten kopurua igotzea espero dugu, bai parte hartzaileen eta bai ikusleen artean. 1.300 inguruk hartu dute parte azken urteotan, baina aurten ikusten ari garenez, kopurua handitu egingo da. Eskopeta gehiago eskatzen ibili gara, eta unitate berezietarako traje gehiago egin behar izan ditugu, eskaera handia izan da.
Aurten Jose Antonio Santano alkateak harrera egingo dizuela uste al duzue?
Zoritxarrez, uste dut ez digula harrerarik egingo. Eztabaida hor dago,bere erabakia izan behar du. Orain arte alarde baztertzailea babestuz eta harrera eginez izan duen ibilbidea ikusirik, egun batetik bestera irizpidea aldatzea zaila dela uste dut. Kalean dago gaia, jende asko honetaz hitz egiten ari da eta nik uste dut badela garaia 20 urte pasatu ostean, gaia mahai gainean jartzeko. Ez gaituzte onartzen Irungo alarde bezala, eta gu Irungo alardea gara, non bizilagun guztiok parte har dezakegun, emakume ala gizon.
Bihar, bosgarrenenez jarraian, jeneral bezala desfilatuko duzu. Ezberdin ikusten al da desfilea zaldi gainetik?
Preferentziazko leku bat da zalantzarik gabe, San Juaneko sarrera, adibidez, ikusgarria da. Nik ez nuen espero horrelako zirrararik sentituko nuenik. Plazan sartu eta hainbesteko jendetza ikustea, ikaragarri polita da.
Ia 15 urte bete dituzu jada desfilatzen. Nolakoa izan da esperientzia?
2004an atera nintzen lehenengoz, eta ordutik, urtero errepikatu dut. Egia esanda, lehenengo momentutik babestu dut publikoa, betidanik babestu izan dut eta parekidea sortu zen unetik oso gauza logiko bezala ikusi dut. Ez nuen sekula pentsatuko hainbeste zailtasun egongo zirenik. Erraz onartuko zen gauza bat izango zela uste nuen, beste edozein herritan onartu den bezala. Zoritxarrez leku bakarra gara non emakumeok ezin dugun gure herriko festetan nahi dugun moduan parte hartu.
Lehen desfiletik, gauzak asko aldatu dira?
Izugarri aldatu dira, batez ere jendartean. Nik uste dut gaur egun irundarren artean dagoen errespetu hori irabazi dugula, alarde batean nahiz bestean desfilatzeko. Jende bortitza, oso itxita dagoena eta oraindik gaizki begiratzen digutenak badira, baina oso gutxi dira, eta hori ikusten da. Hasieran jende askok ematen zigun bizkarra desfilatzen genuenean, eta orain ikusten dugu beste alardearen zain dagoen jende asko, gaur egun txalotzen gaituztela. Zorionez hori irabazi dugu. Jende gazteak asko erakutsi digu. Neska gazte hauen irribarrea ikustea, horrek konpentsatzen du egindako borroka guztia. Gazteekin freskura irabazi dugu eta hurrengo belaunaldiek beste modu batera ikusiko dute gauza, nire esperantza jende gaztearengan dago.
Alarde parekide bakarra lortzeko, zer egin behar da?
Elkarrizketak bideratu, erraztu eta hitz egiten hasi. Honek ez du atzera bueltarik, eta gaur egun jende guztiak ikusten du, Irungo herritarrek eta baita kanpoko jendeak ere. Aurrera goaz, hor dator martxoaren 8ko olatu hori. Emakumeen aldarrikapena kaleetan dago, esparru guztietan, eta hau beste bat da. Uste dut gauzak aldatzen ari direla zentzu horretan, agian nik ezin dut esan, baina ez dut uste horrela beste hogei urtez egongo garenik.