Correos pareko plazatxoa bete dute hondarribiarrek bezperako eraso matxista salatzeko.
Correos pareko plaza bete zuten herritarrek bezperan gertatutako eraso matxista salatzeko
Dozenaka hondarribiar, gizon eta emakume, gazte eta nagusiak, elkartu ziren atzo arratsean Correos pareko plazan egin zen elkarretaratzean. Gizon batek emakume bat kolpatu zuen bezperan San Pedro kalean, eta bertan
elkarretaratzeko deia luzatua zien udalak herritarrei. Eta herritarrek erantzun zioten deiari, ‘Emakumeen aurkako indarkeriarik ez’ lelodun pankartaren atzean jarrita plazatxoa betez. Hamabost minutuz isilpean kontzentratu ziren, eta txalo artean bukatu zuten ekitaldia.
Pankartan, ondoan, edo herritarren artean nahasita, Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako hautetsiak azaldu ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin zuen udalaren deialdiarekin, eta Batzar Nagusietako presidente Eider Mendozak gaitzespen ekitaldian parte hartu zuen.
Azken bi erasoetan, martxoaren 8koan eta herenegungoan, herritarren erantzunari esker atxilotu zituzten erasotzaileak. Atzo adostutako testu bateratuan, jarrera hori eskertu zuten udal taldeek: ” Herritarrok eta erakundeok indarkeria matxistari aurre egiteko dugun borondate sendoa gogorarazi nahi dugu, indarkeria-mota hori prebenitzea, detektatzea eta horri erantzuna ematea denon egitekoa baita. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu erasoa gertatu zenean biktima lagundu zuten herritarrei”.