Arratsaldean izan zen erasoa, Portu auzoan.
Eraso sexista bat izan zen atzo arratsaldean Hondarribiko Portu auzoan. Erasotzailea atxilotu zuten eta epailearen aurrera eramango dute gaur. Emakumea “ondo” dagoela jakin du HITZAk. Hondarribiko Udalak deituta, elkarretaratzea egingo da gaur arratsaldean Correos pareko plazan, 20:00etan.
Hondarribiko Udaleko alderdi guztiek gaitzetsi dute erasoa, eta idatzi bateratua kaleratu dute: “Erabateko gaitzespen irmoa agertu nahi dugu atzo arratsaldean Hondarribiko San Pedro kalean izandako eraso matxistaren aurrean, eta hurbiltasuna eta elkartasuna helarazi nahi diogu erasoa jasandako emakumeari.
Emakumeen kontrako indarkeriak Hondarribian lekurik ez duela adierazi du udalak: “Tankera horretako eraso guztiak, giza-eskubideen urraketa diren neurrian, Hondarribian lekuz kanpo daudela nabarmendu nahi du udalak, pertsona guztiek, elkarrekin duintasunez bizitzeko eskubidea baitugu”.
Halaber, biktima laguntzera hurbildu ziren herritarrentzat esker hitzak izan dituzte udal taldeek: “Herritarrok eta erakundeok indarkeria matxistari aurre egiteko dugun borondate sendoa ere gogorarazi nahi dugu, indarkeria-mota hori prebenitzea, detektatzea eta horri erantzuna ematea denon egitekoa baita. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu erasoa gertatu zenean biktima lagundu zuten herritarrei”.
Bukatzeko, herritarrei elkarretaratzera batzeko eskatu die: “Herritar guztiei dei egiten diegu gaur San Pedro kalean (Correos parean) eraso matxista hau salatzeko egingo den elkarretaratzera”.
Irudian, aurreko eraso baten kontrako ekitaldia. Gaur berriro elkarretaratuko dira