Txomin Sagarzazu izango da Hondarribiko EAJren hautagaia 2019ko udal hauteskundeei begira. Gaur aurkeztu dute hautagaitza.
Txomin Sagarzazu gaurko aurkezpenean, ondoan Xabier Zabala eta Eider Mendoza dituela
Ezusterik ez, izen berririk behintzat ez. Atzo jakin zen Hondarribiko EAJk alkategaia gaur aurkeztu behar zuela, eta ezaguna da jada Txomin Sagarzazu alkatea izango dela EAJren hautagaia hurrengo udal hauteskundeetan. Goizean aurkeztu dute jeltzaleek bere alkategaia, Batzokian.
Xabier Zabala Hondarribiko Uri Buru Batzarreko kidea eta Eider Mendoza alderdikide eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea izan ditu Sagarzazuk ondoan. Zabalak nabarmendu du “aho batez” aukeratu dutela Sagarzazu, “eta ez dela beste hautagairik aurkeztu”. Alkate izan aurretik, gobernu kide izan zela gogorarazi du, eta egungo agintaldian “ardurak hartuaz eta egoera zailei aurre eginez” lan egin duela.
Mendozaren hitzetan, Sagarzazuk alkate batek behar dituen bi gauzak bateratzen ditu: “Balio behar du, eta prest egon behar da alkate izateak eskatzen duen dedikaziorako”. Bere hitzetan, alkategai jeltzalea “pertsona ona” da, eta “sendotasuna” erakutsi du, “egoera zail askotan herria gidatu duelako”.
Sagarzazuk alkategai aukeratu izana eskertu die herriko jeltzaleei: “Babesa ematen dit, eta askatasunez jokatzeko aukera sentitzen dut egunero”. Hurrengo hauteskunde kanpainan errepikatzeko prest dagoela baieztatu du alkateak: “Indarrez segitzen dut, eta datorren agintaldirako behintzat prest nago, herri zerbitzuan sinisten dudalako”. Hurrengo hilabeteetan hautagaitzako gainontzeko kideak zeintzuk izango diren zehaztuko dutela gaineratu du Sagarzazuk.