Taupadakek laguntzen duen Ensamble Moxos talde boliviarrak kontzertua eskainiko du parrokian, hezkuntza zentroa finantzatzeko biraren barruan.
Fernando De la Hera eta Kalixa Silanes, Ensamble Moxos taldearen kontzertuaren aurkezpenean
Ensamble Moxos taldeak Hondarribiko parrokian joko eta abestuko du igandean, 20:00etan.
Pasión Moxos ikuskizuna interpretatuko dute, Europako hainbat herrialdeetan burutzen ari diren biraren barruan.
Taupadak Gobernuz Kanpoko Erakunde bidasoarrak Bolivian diruz laguntzen duen musika eskolan sortutako taldea da Ensamble Moxos, eskolako abesbatza eta orkestra bateratzen dituena. Igandeko kontzertua doan da, baina proiektua laguntzeko aukera izango da, horixe baita boliviarren biraren helburua, musika eskola iraun arazteko dirua biltzea. Horretarako,
La cosecha azken diskoa erosteko aukera izango da parrokiaren atarian, baina aurreko bost lanak ere.
Atzo aurkeztu zuten kontzertua, parrokian bertan. Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Kultura zinegotzia eta Fernando de la Hera argazkilari eta Taupadakeko presidentea izan ziren bertan. De la Heraren arabera, “bakarra” da igandean parrokian ikusteko aukera izango dena, barrokoa eta folklorea uztartzen dituelako: “Beste lekuetan ikusi ezin den errezitala da, batez ere dituen osagaiengatik. Bikaintasunera iritsi garela esan dezakegu, instrumentuak egokitzea eta munduan talde gutxik duten afinazio barrokoa lortu baitugu”.
Hiru hilabeteko bira burutzen ari da Ensamble Moxos eta, Euskal Herriaz gain, beste hainbat herrialde bisitatuko ditu: Espainia, Italia, Suitza, Alemania, Luxenburgo, Frantzia eta Belgika. Ekainaren 23an bukatuko dute ibilbidea, Marokon, Munduko Musika Sakratuen Nazioarteko Jaialdian. Orotara, 60 kontzertu eskainiko dituzte. “Birari esker, eskola gutxienez bi urtez irekia mantendu dezakete eta doako hezkuntza ematen jarraitu”, nabarmendu du De la Herak.
2003an hasi zen Taupadak elkartea San Ignacio de Moxos herriko musika eskola laguntzen, eta erakunde bidasoarrak Bolivian abian dituen proiektu garrantzitsuenetako bat da. Silanes zinegotziak erantsi zuenez, Hondarribiko Udala Taupadaken ondoan egon da hasieratik hezkuntza zentroa babesten: “Orain dela 15 urte hasi zen San Ignacio de Moxoseko Musika Eskola honen proiektua eta ordutik Hondarribiko Udala bertan egon da Taupadak-en bitartez”.