Iker Cortes, Hondarribia Arraun Elkarteko emakumeen traineruko entrenatzailea.
Emakumeen trainerua, aste honetan, entrenamendu bat hasten
Urrian hartu zenuen Hondarribiko neskak entrenatzeko ardura. Zer moduz joan da negua?
Negua gogorra izan da, izan behar duen bezala. Lan handia egin behar da neguan, neskak ondo portatu dira eta gustura nago. Erronka berezia zen, ia-ia zerotik hastea zelako, eta lortu dugun mailarekin oso pozik egoteko moduko denboraldia dela uste dut.
Udaberri hasieran bizpahiru neska falta zenituelako kexu zinen. Lortu al dituzu?
Bai, Castrotik neska bat etorri da, Camargoko beste bat, eta Illunbetik hiru, horietako bat Olaia Barriuso patroia —beste patroia Jone Amunarriz da, etxekoa, eta Estibalitz Gezalak patroi gisa ere jardun dezake—. Talde sendoa eta konpentsatua lortu dugu.
Hiru aste falta dira Euskotren Ligara sailkatzeko play-offerako. Oraindik ba al duzue hobetzeko aukerarik?
Gu udara osoan hobetzen joango gara. Neguan ondo entrenatu dugu, baina kanpotik etorri diren neska berriek denbora gutxi daramate. Elkarrekin arraunean egitetik maila igoko da udaran zehar.
Iazko txapeldunak direlako, San Juango Batelerak automatikoki sailkatuta daude dagoeneko. Zein beste hiru traineru ikusten dituzu Euskotren ligan lehiatzen?
Orio ere uste dut sartuko dela. Beste bi postuetarako konplikatu samar dago, baina nahiko nuke Hibaika eta gu izatea. Aurkari nagusiak Arraun, Donostiarra, Deustu, Hibaika… Bost talde horietatik erabakiko da, lau horien eta gure artean.
Eskatzea bada, zein eguraldi eskatuko zenuke play-offean?
Ahal bada eguraldi ona, gu askoz hobeto ibiltzen gara eguraldi onarekin.
Bestela, zeintzuk dira denboraldirako zuen buruari jarri dizkiozuen helburuak?
Euskotrenen sartzea da helburu nagusia, baina ez badugu lortzen, ez gara erotuko. ETE (Emakumeen Traineru Elkartea) Ligan ahalik eta hoberen egiten saiatuko ginateke.
Batean ala bestean ibilita, irailean saria iritsiko da aurten…
Bai, Kontxan. Aurten zazpi sailkatuko dira eta denboraldiari ginga jartzea litzateke Kontxan parte hartzea. Hori borrokatu behar da, baina lortzea espero dugu.