Mikel Orbañanos, 'Ama Guadalupekoa' ontziko entrenatzailea.
Mikel Orbañanos, badian, arraunlarien entrenamendua zuzentzen
Neguan hainbat garaipen lortu dituzue, baina udarako denboraldia da garrantzitsuena. Nola iritsi zarete sasoiz?
Orokorrean nahiko ondo iritsi gara. Aurreko urtetik hiru baja izan ditugu, horrek esan nahi du taldea orokorrean mantentzen genuela. Baja garrantzitsuak izan dira, dudarik gabe, baina Meltxor Amunarriz eta Gorka Egiazu berreskuratu ditugu. Bi gazteen sartzearekin, eta taldearen dinamikarekin, iruditzen zait nahiko ondo iritsi garela momentu honetara. Ilusioa eta gogoa jarri dugulako, eta bestetik, arraunean oso ondo ari garelako, iruditzen zait etekin ona aterako diogula aurtengo taldeari.
Neguko prestakuntzan aldaketarik izan al da aurten?
Neguan egiten dugun lana ez da asko aldatzen urte batetik bestera. Urte dezente daramatzagu honetan eta dinamika dagoeneko hartua daukagu. Arraunlari guztiei aukerak ematen dizkiegu entrenamenduetan, uretako entrenamenduei ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzen gara… Egia da aurtengo negua eremu libreetan entrenatzeko ez dela erraza izan, euria denbora askoan izan dugulako. Bestela, fisikoki lantzeko egokia izan da.
Nahi duzun taldea duzu? Konforme zara daukazunarekin?
Entrenatzaile batek beti nahi izaten du aukera gehiago izan, talde oraindik konpetitiboagoa izan. Baina ni ere bat nator Hondarribia Arraun Elkartearen filosofiarekin, eta saiatzen gara ahalik eta aukera gehien ematen bertako arraunlariei. Lehengo urte hauetan lortu ditugun emaitza horiei guztiei, gehituko bagenio bertako arraunlari askorekin lortu ditugula, sari potoloagoa, meritu gehiago duen saria dela iruditzen zait.
Ohikoez gain, aurkari berririk ikusten al duzu?
Oraindik goiz da, baina zaila da esaten ligarako hautagai faboritoak zeintzuk izango diren. Irabazleetan igual asko ez ginateke nahastuko, hiruzpalau izen seguru asko. Baina lehenengo zortzi postuetan zeintzuk sartuko diren ez da erraza asmatzeko, azken urteotan izan den parekotasun gehiena izango da. Irabazletik 20 segundora geratzen denak postu asko galduko ditu.
Zer eskatzen diozu udarako denboraldi berriari?
Lehiakorrak izatea aurrean dabiltzan traineruekin. Lehengo urtean eskatzen genuen ligan denbora guztian bizirik egotea, eta lortu genuen. Aurten ere gustatuko litzaiguke lehia batean mantentzea. Orokorrean talde txukuna daukagu, eta momentu puntualetarako oso talde lehiakorra izango gara.
Eta zaleei?
Afizioari… jarrai dezala beste urteetan bezala. Egia da ohitu garela emaitza onak lortzen, eta aurten ere dudarik gabe gure asmoa hori izango da, baina beraiek urtero nahiko zintzo izan dira guri jarraitzen, eta nahiko genuke aurten ere gure aldetik behintzat ilusioz bete Hondarribia. Hori egiten badugu jendea zoriontsu izango da eta gu jarraituko gaitu.