Hondarribiko EAJ, Abotsanitz eta EH Bildu, badoaz
Hondarribiko Udaleko hiru alderdi nagusiek Gure Esku Dagok iganderako antolatu duen giza katea babestu dute, eta herritarrei joateko eskatu diete.
Hondarribiko Udaleko hiru alderdi nagusiek, EAJk, Abotsanitzek eta EH Bilduk, Gure Esku Dagok iganderako antolatu duen giza katea babestu dute. Argazkia egin dute osoko bilkuraren aurretik, eta testu bateratu bat irakurri dute, herritarrei igandeko mobilizazio erraldoian parte hartzeko eskatuz: “Herri bezala jarduteko garaia da, elkarrekin. Ezin baitugu aukera historiko hau galdu. Ezin gara geldirik geratu. Gure garaia da, herritarrona. Determinazio osoz goaz aurrera, herritar burujabeok eraikiko dugu herri burujabea”.
Txomin Sagarzazu alkateak (EAJ), Igor Enparanek (Abotsanitz), eta Carlos Gebarak (EH Bildu) sinatu dute idatzia, bakoitzak bere udal taldearen ordezkari gisa. Testuak Kataluniako prozesu subiranistari erreferentzia egiten dio, Espainiako gobernuaren jarrera irmoki salatuz: “Katalunian aplikatu du Espainiako Estatuak aurrenekoz 155. artikulua, baina Euskal Herrian ere aplikatu dezake. Ez dezagun ahaztu. Orain arte gatazka politikoa zena, erronka demokratiko bihurtzea lortu behar dugu”.
Sinatzaileen arabera, Espainiako Estatuko marko juridiko-politikoak ez ditu oinarrizko eskubideak bermatzen, eta erabakitzeko eskubidea da euskal erakundeak eta herritarren eskubideak babesteko giltza: “Egungo marko juridiko-politikoak ezartzen dituen oztopoak nahikoa ez eta egungo markoa are eta murritzagoa nahi dutenek gure erakundeak jo puntuan jarri dituzte, herritar denon oinarrizko eskubideak urratzeko inolako erreparorik gabe. Epe luzerako, elkarbizitza bermatzeko ezinbesteko baldintza erabakitzeko eskubidea gauzatzea da”.
Bide horretan, igandean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza kateak euskal herritarron determinazioa adierazteko balioko duela erantsi dute EAJk, Abotsanitzek eta EH Bilduk: “Giza kateak balio behar du adierazteko herri hau ez dagoela prest atzera egiteko bere asmo eta helburuetan; aurrera egiteko determinazioa duela. Halaber, etorkizuna elkarrekin eraikitzeko borondatea erakutsi behar dugu, horrek ahalbidetuko duelako mugak eta oztopoak gainditzea eta urrutira iristea”.