Etzira arte, Munduko Begiak Fundazioko oftalmologoek Mozambiken egiten duten lana ikusgarri dago Hondarribiko Arma Plaza kultur gunean.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda
Dirua bezala, itsutasuna gaizki banatuta dago munduan. Aberastasunarekin gertatzen denaren kontrakoa gertatzen da ikusmen ezarekin. Munduko Osasun Erakundearen arabera, itsuen %90a herri txiroetan bizi da. Hori horrela da itsutasun kasu asko eta asko diru oso gutxirekin ekidin daitezkeelako —hamarretik zortzi—, baina herrialde horietan ez dituztelako ikusmen arazo jakin batzuk zuzentzeko behar diren baliabide tekniko eta pertsonalak. Munduko Begiak Fundazioko oftalmologoak egoera hori iraultzeko lanean dabiltza, zuzen daitekeen itsutasuna mundutik erradikatu nahian. Etzira arte, euren lana ikusgarri dago Hondarribiko Arma Plaza kultur gunean, Inhambaneko begiak argazki erakusketaren bidez.
Ulls del Mon gobernuz kanpoko erakunde katalanaren eskutik sortu zen Munduko Begiak. Mozambiken, Malin, Aljerian (Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan) eta Bolivian lan egiten dute. Arma Plazako irudiak
El Periódico egunkariko Elisenda Pons argazkilari bartzelonarrak Mozambikeko Inhambane eskualdean ateratakoak dira. Miren Rodriguez Munduko Begiak fundazioko koordinatzaileak azaldu duenez, “Inhambaneko jendea itsu gelditzen da begi lauso, glaukoma, trakoma, desnutrizioa, eta traumatismoengatik”. Zuzen daitezkeen gaitzak direla nabarmendu du: “Gaixotasun horietako batzuk oso erraz sendatzen dira gure inguruko herrialdeetan, baina Inhambaneko bizilagunek ez dute guk beste aukera”.
Ponsen irudiek medikuen prozesu osoa jasotzen dute, pazienteengan arreta jarrita. Hala, begietan arazo larriak dituztenen eszenak azaltzen dira: seme-alabak eskutik helduta mediku zentrora hurbiltzen direnenak, medikuak deitu zain daudenenak, kontsultetakoak, gaixoari diagnosia azaltzen diotenekoak, tratamendu garaikoak, kirofanokoak, eta ebakuntzaren ondorengoak.
Ehunka ebakuntza egin ditu Munduko Begiak Fundazioak
Argazkilariak zuri-beltzeko eta grano askoko teknika baliatu du pazienteek prozesu osoan zehar sentitzen dutena islatzeko: urduritasuna, beldurra, ezintasuna, tentsioa, eta, amaieran, poza. Ikusmena galtzen duen pertsona batek sentitzen duena ulertzea bezain zaila da, itsu dagoen pertsonari ikusmena pizten zaioneko sentimenduak ezagutzea. 38 argazki biltzen ditu erakusketak, eta azken bietan azaltzen diren irribarreek ondo erakusten dute oftalmologoen lanaren garrantzia.
Prebentzioa eta formazioa
Diagnosi eta sendatze lanak burutzeaz gain, prebentzioan eta formazioan ere indarrak jartzen ditu Munduko Begiak-ek, Mozambiken bezala, osasun programak abian dituen gainontzeko herrialdeetan ere. “Hango osasun ministerioekin batera laguntza programa egonkorrak ezartzen ditugu, ospitaleekin elkarlanean aurrera eramaten direnak. Gaixotasun goiztiarren aurreikuste eta antzemate jarduerak, begitako osasuna zaintzeko ohituren gaineko jarduerak, eta nagusiki, bertako profesionalak prestatzeko jarduerak burutzen ditu, profesional horiek populazio ahulenak dituen beharrei erantzuna emateko”.
38 argazki dira guztira
Mundu garatuan itsu izateak oztopo askori aurre egin behar izatea suposatzen badu, herrialde pobreetan “dena galtzea” litzateke, Munduko Begiak Fundazioko koordinatzaileak azaldu bezala: “Erabateko bazterketa dakar, hezkuntzan, lan munduan eta gizartean, ez bakarrik ikusten ez duenarena, baita hura zaintzen geratu behar duenarena ere”. Horregatik, fundazioaren jardueren eragina ez da osasun arlora mugatzen. “Herrialde pobreetan norbait itsu ez geratzeko inbertitzen den euro bakoitzeko, lau euroko itzulera ekonomikoa eragiten da”, baieztatu du Rodriguezek.
Gaur eta bihar, 10:00etatik 19:00etara; etzi, 10:00etatik 14:00etara. Hiru egun geratzen dira
Inhambaneko begiak erakusketa bisitatzeko. Ekidin daitekeen itsutasuna erradikatzea bilatzen du Munduko Begiak-ek, eta, erakusketak arazoa ezagutaraztea du helburu. “Gipuzkoako gizarteak kontzientzia hartzea nahi dugu, gizartea sentsibilizatu herri txiroetan gertatzen diren oinarrizko osasun zerbitzu gabezien gainean”.
Munduko Begiak elkartearen aldeko bazkari solidarioa
Ekainaren 16an Munduko Begiak erakundearen alde bazkalduko dute Klink elkartean. Bi hilabetean behin elkartasun bazkari bat antolatzen du Klinkek, eta oraingoan Munduko Begiak izango da onuraduna. Bazkari horretan
Nagore Arbelaitz oftalmologo hondarribiarra izango da fundazioaren ordezkaria. Urteak daramatza Afrikara bidaiatzen, eta ehunka ebakuntza egin ditu Tindufen (Aljeria), errefuxiatu sahararren kanpalekuetan.
Nagore Arbelaitz, Tindufen
Ez da oftalmologoen fundazioaren alde Klinken prestatzen duten lehen bazkaria. 2016an 3.300 euro lortu zituzten eta iaz beste 3.000 euro. Aurtengo bazkarira joaterik ez duenak Klinken kontu korronte solidarioaren bitartez lagundu dezake. Honakoa da: ES05 2095 5039 90 1061338918.