Psilocybe elkartearen mende laurdeneko bi saio handi, aste berean. Shellac estatubatuarrak astelehenean, The Scientists australiarrak, larunbatean.
Shellac taldea
Ekainaren 4an, astelehenez, Shellac rock banda estatubatuar handiak bisitatuko du Hondarrribiko Psilocybenea aretoa. Lyongo Decibelles (indie pop, punk) hirukoak joko du aurretik, 20:00etan, eta ondoren iritsiko da Chicagokoen deskarga. Sarrerak 21 euroan daude
Interneten, eta 25 euroan jarriko dituzte leihatilan. Baina kontuz, astelehena izanagatik, Psilocybe Elkartearen 25. urteurreneko kontzertu handietako bat izango da, eta ez litzateke harritzekoa sarrerak astelehena baino lehen agortuko balira.
AEBetako underground rock talde onenen zerrendan ezinbestean ageri da Shellac. 1992 urtean sortu zen banda, Steve Albini (gitarra eta ahotsa), Bob Weston (baxua) eta Todd Trainer (bateria) elkartu zirenean. Aurretik, musika independentean erreferente ziren beste taldeetan aritutakoak ziren hirurak eta, ezinbestean, talde handi baten sorrera izan zen hura. 26 urte geroago, elkarrekin jarraitzen du hirukoteak, hasierako jarrera berdinarekin, eta eskarmentuaren gehigarriarekin.
Euren hitzetan, rock minimalista egiten dute, baina noisetik eta math rocketik gertu mugitzen dira, rockaren eta hardcorearen arteko mugak lausotuz. Taldea sortu eta bi urtera lehen diskoa atera zuten, euren asmoak argi utzi zituen
At Action Park. Hura izan zen bilduma bikainen zerrendako lehena. Gerora etorri ziren,
Terraform (1997),
1000 Hurts (2000),
Excellent Italian Greyhound (2007), edo orain arteko azkena,
Dude Incredible (2014).
Shellacen estudioko lanak biribilak dira, eta ez da harritzekoa, Weston eta Albini sona handiko soinu ingeniari direlako eta askotariko taldeen lanak grabatu dituztelako (Pj Harvey, Pixies, Nirvana, The Ex, Rodan, Mission of Burma…). Eta zuzenean, suntsitzaileak, oso talde gutxi dira gai Shellacek oholtza gainean transmititzen duen energia sortzeko.
HITZArekin, doan
Juan Manuel Etxebeste pasaitarra eta Iosu Arruabarrena oreretarra doan joango dira Shellac eta Decibelles entzutera. Oarso Bidasoko HITZAk zozkatu dituen bi sarrereren irabazleak izan dira biak.
Astebete barru, ekainaren 9an (larunbata), are urrutiagotik iritsiko da Psilocybeneakoen proposamena. The Scientists Australiako post punk laukotea igoko da Mendelu aukoko aretoko oholtzara. La Secta izango dute talde laguntzaile bezala. Egun horretarako ere bi pertsonentzako sarrera bana zozkatuko ditu HITZAk, harpidedunen artean.
https://youtu.be/-KjqDKYLopw