Txikimusika jaialdia egingo dute bosgarrenez larunbatean. Ezmugak kultur elkarteak eta 'Txikis del Bidasoa' agerkari digitalak antolatzen dute.
Bosgarrenez egingo dute Txikimusika Kasino Zaharrean
Txikimusika jaialdiaren bosgarren ekitaldia iritsiko da larunbatean Hondarribiko Kasino Zaharreko lorategietara.
Ezmugak kultur elkarteak eta
Txikis del Bidasoa agerkari digitalak antolatzen dute, Hondarribiko Udalaren laguntzaz. Musika ardatz duen jaialdia da, familia publiko bat helburu duena, eta goizetik arratsaldera luzatzen dena. 12:30etik hasita, 17:00ak bitarte, musikari lotutako tailerrak eta zuzeneko kontzertuak programatu dituzte.
Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Kultura zinegotziaren arabera, urteko ekitaldien zerrendan dagoeneko egonkortuta dagoen festa da Txikimusika, eta dei egin die herriko familiei aurtengo ekitaldira batu daitezen: “Bosgarren edizioa dugu, eta jadanik finkatuta dago ekainaren lehenengo larunbatean. Giro polita sortzen da, eta, badakigu, haurrek gozatzen badute, gurasoek ere disfrutatzen dutela”.
Txikimusikaren atzetik mito bat puskatzeko nahia dago: haurrei bakarrik haurrentzako musika gustatzen zaiela. Horrela esanda, ideia kontraesankorra dirudi, baina Ezmugak elkarteko Carlos Sanchezek azalduta, argiago geratzen da: “Musika eta haurrak dira jaialdiko protagonistak. Ekitaldiaren xedea da haurtzaroko soinu banda erakargarri eta anitzagoa izatea”. Sanchezen ustez, entzuten duten musika baino gehiago entzun beharko lukete haurrek, eta lehenagotik: “Haurrek bere garaian adierazgarriak diren musikekin hazi behar dute, haien esperientzia musikala estilo jakin batera mugatu gabe”.
Hala, aurreko edizioetan, askotariko musika taldeek jo izan dute zuzenean Txikimusikan, batez ere pop estilora hurbiltzen direnak, baina musika popularra oso era zabalean ulertuta. Iaz, esaterako, Iruñeko Las Kasettes (ye-ye), Bartzelonako Las Anettes (sunshine pop), eta Lurra (folk, pop) talde bidasoarra igo ziren Kasino Zaharreko oholtzara. Aurreko ekitaldietan, Naica (powerpop), Brand New Sinclairs (beatdown, twist), The Longboards (surf), Indidxabak (folk rock)…
Eraul eta
Frikun, horiexek aurtengo Txikimusikan joko duten taldeak. Lehena, Asier Beramendi donostiarraren proiektua da, Suediako Goteborgen sortu zena eta iturri askotatik edaten duena, baina batez ere folketik eta amerikar doinuetatik.
Frikun, aldiz, baionarrak dira, baina hegoaldetik jasotzen dute musika sortzeko eragina, Karibetik eta Afrikatik. Nahasketa, imajina daitekeenez, dantzagarria da oso, eta helburu horrekin hurbilduko dira larunbat eguerdian Hondarribira, familiak dantzan jartzeko asmoz.
Eraul taldea
Bazkalostean, tailerrak
Goizean kontzertuak, eta arratsaldean tailerrak. Horrela dago egituratuta Txikimusika jaialdia eta aurten formatu horri eutsiko diote. Tailerrak, noski, musikari lotutakoak izango dira, eta askotarikoak. “Skola Musikek txalaparta, gitarra, baxua eta kantua lantzeko saioak egingo ditu, eta, Lanbroak, gitarra eta baxua jotzekoak”, azaldu du Pia Alzaga Txikis del Bidasoa webguneko ordezkariak.
Tailerretan, benetako musika tresnekin trebatzeko aukera izango dute haur guztiek. “Musika formazioa eta hezkuntza ahalik eta goizen sustatzea inportantea dela deritzogu, eta hori modu ludiko eta parte hartzailean egiten bada, askoz hobe”, nabarmendu du Alzagak. Ideia horri lotuta, txikienentzako tailer bat ere izango da, Kuttuna Haur Eskolaren eskutik: musika estimulazio goiztiarreko tailerra, 0-3 urteko haurrei zuzendutakoa.
Tailerrak bukatuta, kontzertu berezi bat eskainiko dute Skola Musik eta Lanbroa eskoletako 8 eta 9 urteko ikasleek. “Haurrak musika jotzen eta kantatzen ikustea eredu eta motibazio delako”, gaineratu du Txikis del Bidasoako kideak.
Txikimusika 2018
- 12:30etik aurrera. Kontzertuak: Frikun (caribbean afrobeat), Eraul (nu folk amerikarra) eta Elürra DJ.
- 14:30ean (gutxi gorabehera). Piknika; bakoitzak bere janaria eraman behar du etxetik.
- Bazkalostean. Tailerrak: gitarra, baxua, bateria, txalaparta, kantua eta musika estimulazio goiztiarra.
- 16:30ean. Skola Musik eta Lanbroa musika akademietako ikasleen emanaldia.