Larunbatean egingo dute Euskal Herriko mintzalagunen eta Blagan Euskara elkartearen festa Hondarribiko Arrantzale Auzoan.
250 lagunentzako tokia zegoen eta 250 pertsonek eman dute izena larunbateko Mintza eta Blagan Egunean Arrantzale Auzoan bazkaltzeko. Euskal Herriko
mintza praktika dinamiken eta Hondarribiko Euskara elkartearen egunak bateratu dituzte eta festa handia espero da Portu auzoan. “Euskaratik eta euskaraz antolatu dugu guztia eta iaz bezala sekulako giro ona sortuko dela ziur gaude”, adierazi du Blaganek.
Noski, denek disfrutatu dezaten batzuei lan egitea tokatuko zaie, baina hori dagoeneko lotuta dute. “Dena antolatua dago, jende ugari ariko da antolaketan: txosnan, hamaiketakoa eta bazkaria banatzen, kamisetak saltzen…”, adierazi du Blaganek.
Laguntza gehiago behar ez dutela erantsi dute. Hortaz, festara batzeko eskatu diete herritarrei, gozatzeko aukera asko baitaude. “Herritarrak animatu nahi ditugu programan eskaintzen ditugun jarduera guztietara etortzeko eta parte-hartzera animatzeko: kalejiran, dantza saioan, kontzertuetan, eta abar”.
Iaz 110 lagunek bazkaldu zuten Soroetan, aurten 250 elkartuko dira Arrantzale Auzoan
Egitaraua
- 11:00. Ongi etorria eta hamaiketakoa.
- 12:00. Hondarribia ezagutzeko ibilbide gidatua tren berdean.
- 12:00. Irrati saioa eta baserritarren azoka, San Pedro kalean.
- 13:30. Kalejira Abiyuan txarangarekin.
- 14:30. Bazkaria.
- 16:30. Esker emate emanaldia.
- 17:00. Dantzaldi gidatua Errebal taldearekin.
- 19:30. Kontzertua: Gorpuzkingz.
- 20:30. Kontzertua: Hondarribiko Elektropatxaranga.