Ibai Camarero eta Xabier Irigaray HAEko arraunlariak aulki mugikorreko Gazte Mailako Europako Txapelketan lehiatu dira asteburuan.
Irigaray eta Camarero, Gravelinesen, egin beharrekoak eginda
Hondarribia Arraun Elkarteko (HAE) Ibai Camarero eta Xabier Irigaray aulki mugikorreko Gazte Mailako Europako Txapelketan lehiatu dira asteburuan. Frantziako Gravelines herrian jokatu dute, larunbatean sailkatze probak eta finalerdiak, eta igandean finalak.
Camarerok A finalerako sailkatzea lortu zuen eta, finalean, bosgarren postua lortu zuen lemazain gabeko lauko ontziarekin (4-). Luis Miguel del Toro, Aleix Garcia Pujolar eta Joan Cagigos izan ziren bere ontzi kideak.
Irigaray eta bere selekzioko kide Jaime Rodriguez, 2- ontzien B finalera sailkatu ziren, eta 5. postua lortu zuten bertan. Orotara, 11. bukatu zuten txapelketa.
HAEk zazpi urte zeramatzan Espainiako arraunketa selekzioaren deirik jaso gabe. Aurten, dei bikoitza jaso du Hondarribiko elkarteak.