Ekainaren 29a da lanak entregatzeko azken eguna, eta BAZ bulegoan egin behar da.
Hilabete batzuk geratzen dira irailerako baina dagoeneko ekainean sartzeko zorian gaude. Horrek esan nahi du udala iraileko festak prestatzeko garaian murgilduta dagoela. Aste honetan, esaterako, jaietako kartel eta argazki lehiaketetako oinarriak ezagutarazi dituzte. Ekainaren 29a da lanak entregatzeko azken eguna, eta BAZ bulegoan egin behar da.
Aurreko urteekin alderatuta, berritasun handirik ez da. Jai Nagusietako kartel lehiaketarako 70×50 zentimetroko lanak aurkeztu behar dira, teknika librekoak baina formatu bertikalekoak. Irabazleak 650 euro jasoko ditu, eta hori baino inportanteagoa, 2018ko jaietako irudia berea izango da. Bigarren eta hirugarren sailkatuek ere izango dute zer ospatu, 300 eta 200 euro jasoko baitituzte hurrenez hurren.
Oinarriak
Parte hartzaile bakoitzak lau argazki aurkeztu ditzake gehienez, kolorekoak ala zuri beltzekoak, 20×30 neurrikoak (bertikalak edo horizontalak, nahi bezala). Hiru sari banatuko ditu udalak, 500, 400 eta 300 eurokoak. Kontuan izan, jaietako lehiaketa izan arren, gaia librea da. Hori bai, Hondarribian kokatutako argazkiak izan behar dira.
Oinarriak
Aurkeztutako argazkiak, jaien aurretik Arma Plazan muntatuko duten erakusketan erakutsiko dira, kartel lehiaketako lanekin batera.
Proposamenak egiteko, 23ra arte
Udalak gogorarazi du, jaietarako ekintzak proposatzeko epea ekainaren 23ra arte irekita dagoela. “Eskaera-orriarekin batera eskatutako ekintzen behar tekniko eta ekonomikoak erantsi behar da. Horrez gain, Erantzukizun Zibileko Aseguru Poliza izenpetzea derrigorrezkoa da, ez direlako udalak zuzenean antolatutako ekintzak”, argitu dute.
Oinarriak
Zalantzaren bat izanez gero, Kultura departamentura jo (Pampinot, 14) edo 943 11 12 83 telefonora deitu behar da.
Ekintzak proposatzeko aukera ekainaren 23an bukatuko da