Larunbatean Aretxabaletari irabazi behar dio Hondarribiak, mailaz jaitsi nahi ez badu. Azken bost partidak galdu ditu taldeak.
Azken bost partidak galdu ditu Hondarribia FEk, eta garaipena behar du
‘Urolak Touringi irabaziko dio, baita guk Aretxabaletari ere’. Hori sinetsita irtengo dira larunbatean Hondartzako berdegunera Hondarribia FEko lehen taldeko jokalariak. Azken jardunaldian erabakiko da zein den Preferentera jaisten den hirugarren taldea —Touringek eta Vasconiak dagoeneko maila galduta dute—, eta bi hautagai daude, Urola eta Hondarribia. Biek larunbatean eta ordu berean jokatuko dute, 17:30etik aurrera.
Zumarraga-Urretxukoek bi puntu gutxiago dituzte sailkapenean. Kanpoan jokatuko duten arren, ligan 3 puntu bakarrik lortu dituen Touringen kontra egingo dute. Inork ez du zalantzan jartzen Fanderian jokoan izango diren hiru puntuak Urolarentzat izango direla.
Berdinketak Hondarribiari egingo lioke mesede, averagea alde duelako. Baina berdinketaren bila joatea suarekin jokatze bezalakoa litzateke. Horregatik, irabazi edo jaitsi, beste aukerarik ez du Hondarribia FEk. Alde du, etxean jokatuko duela, zaleen bultzada izango duela —klubak deialdi berezia egin du—, eta UDAk postu bat gora edo behera, besterik ez duela jokoan —9. postuan daude atxabaltarrak—. Eta kontra, zazpi jardunaldi daramatzala irabazi gabe eta azken bost partidak galdu dituela.