Maite Agirre, Estitxu Arretxe eta Arantxa Berrotaran, Mintza eta Blagan Egunaren aurkezpenean
Mintza Eguna, Euskal Herriko mintzalagunen festa Hondarribian egingo dute aurten. Ekainaren 2an izango da, larunbatez, eta euskararen erabileraren ospakizun handia izatea espero da, Blagan Euskara Elkartearen bigarren festarekin bateratu dutelako. Euskaltzaleon Topagunea, Blagan elkartea eta Hondarribiko Udalak hilabeteak daramate ekainaren 2koa antolatzen, eta ia dena prest dute dagoeneko euskararen erabilera aldarrikatuko duen egun handirako. Asteartean egin zuten aurkezpena jaiaren gune zentrala izango den Arrantzale Auzoan.
Duela 25 urte sortu zen lehen mintzapraktika taldea Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkartearen eskutik. Ordutik, herriz herri hedatu da ideia eta dagoeneko 120 herritara zabaldu da. Topaguneko Mintzapraktika Batzordeko koordinatzaile Maite Agirrek jakinarazi duenez, “6.000 lagun ari dira Euskal Herrian mintzapraktika dinamiketan parte hartzen”. 2018ko Mintza Eguna berezia izango da berarentzat, Hondarribiko taldeen arduraduna ere delako.
2013 urtean hasi ziren Hondarribian Mintzalaguna programarekin, eta egun 75 mintzalagun biltzen direla azaldu zuen Agirrek, 14 taldetan banatuta. Mintzalagunentzat aukera oso polita izango da ekainaren 2koa: “Urtean zehar, taldeetatik kanpo ere euskarazko sarean zabaltzen saiatzen gara, herrian antolatzen diren ekitaldietan parte hartuz. Mintza Egunak oso baliagarriak dira, herriko gainontzeko eragileekin batera antolatzen ditugulako”.
Blagan Egunarekin bat egingo du aurten Mintza Egunak. Duela bi urte eta erdi sortu zuten euskara elkartea, eta iaz ospatu zuten lehen aldiz Blagan Eguna, “elkartea ezagutarazteko eta euskararen erabileraren inguruan herritarrak sentsibilizatu asmoz”, Estitxu Arretxeren hitzetan. Oraindik sortze prozesuan ari direla onartu zuen Arretxek: “Ehun bat bazkide gara eta auzolana da gure ezaugarri nagusia”.
Udalarentzat, erronka
Kale neurketaren datuen arabera, hamar hondarribiarretik zazpi euskaraz mintzatzeko gai da, baina bik baino ez dute erabiltzen. Egoera larria da, eta horren jakitun elkarlana abiatuta dute Hondarribiko Udalak eta Blaganek. “Soziolinguistika Klusterrak bere azken ikerketan dio euskara dakitenen eta erabiltzen dutenen artean alde handia dagoela”, onartu du Arantxa Berrotaran Euskara zinegotziak. Hala, une berezian iritsiko da Euskal Herriko mintzapraktika dinamiken festa herrira, eta Blagan Egunarekin bateratzea asmo polita dela uste du Berrotaranek: “Garaian gutxi gorabehera bat egiten zutenez, erabaki genuen euskararen egun handi bat egitea, biak uztartuz. Hasieratik izugarrizko erronka iruditu zitzaigun, kanpotik hainbeste jende etortzea, baina oso proiektu polita da”.
Erronka bai, baina era berean, aukera bat ere badela uste du Euskara zinegotziak, erabilera datuok iraultzeko egin beharreko lanean trebatzeko balio izan duelako ekainaren 2an elkarlanean antolatzeak: “Udalak 2018-2022 eperako Euskara Plan Estrategikoa onartu berri du, eta honen barnean sartu behar ditugu bai Mintza Eguna, bai euskara sustatzeko eta gehiago erabiltzeko antolatzen ditugun ekimen guztiak”.
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.