Algaraklown, ospitaleko pailazoen aldeko pintxo potea egingo dute Hondarribiko kirol kaian.
Batez ere, Donostiako Ospitaleko pediatrian aritzen da Algaraklown
Hondarribiko Kirol kaiko lau establezimendutan (Rodeo Burguer, Basque taberna, Curry Verde eta Casa Santamaria), Algaraklownen aldeko pintxo pote solidarioa antolatu dute gaur arratsalderako. 19:00etan hasiko da ekitaldia, eta Large & GorkaBeat DJak girotuko du. Helburua, ospitaleko pailazoentzako dirua biltzea, algaraterapia egiten jarrai dezaten.
Zortzi pailazok osatzen dute Algaraklown, eta batez ere Donostiako Ospitalean jarduten dute, pediatriako solairuan. Bertan ingresatzen dituzten haurren ospitaleratzea ahalik eta eramangarrien egiten saiatzen dira jokoen eta umorearen bide: “Esparru emozionalean eta psikologikoan lan egiten dugu. Umorearen, alaitasunaren eta samurtasunaren bidez, ospitalean edo egoitzan dagoen pertsonaren eta bere eguneroko bizitzaren arteko barne harmonia berreskuratzea dugu helburu”.
Duela bi urtetik, ebakuntza gelaraino laguntzen dituzte haurrak, ebakuntzaren aurreko eta geroko tentsioak baretzeko. Eta, txikiekin ez ezik, nagusiekin ere lan egiten du Algaraklownek, zaharren egoitzetako egoiliarren bizi kalitatea hobetzea helburu.
Ospitaleko pailazoek erantsi dutenez, umorea egiten dute, baina ez helburu bezala: “Gure lanak ohiko pailazoaren ezaugarri guztiak ditu, baina ez du umorea helburu. Aitzitik, umorea tresna da, ospitalean edo egoitzetan dauden pertsonei, edozein adinekoak izanik, energia psikikoa emango diena”.