Sprint distantzian 425 kirolarik eman dute izena eta Euskal Herriko zirkuituko bigarren proba izango da. Aurretik, 136 atleta lehiatuko dira herrikoian.
Herri triatloia hiruretan hasiko da eta proba nagusia bostetan (arg: Biosnar)
Hondarribiko X. Triatloia egingo dute larunbat arratsaldean Hondartza auzoan,
sprint distantzian. Biosnar Triatloi Klubak antolatu du, Gipuzkoako eta Euskadiko Triatloi Federazioekin elkarlanean. Euskal Herriko zirkuituko bigarren proba izango da eta parte hartze oso handia izango du, 425 atletek eman baitute izena.
17:00etan hasiko da proba, hondartzan, emakumeen irteerarekin; gizonak ordu laurden geroago abiatuko dira. Parte hartzaileek 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletaz, eta 5 kilometro korrika egin beharko dituzte.
Bigarren zatian ibilbidea ez da aurreko urteetakoa izango, farolako errepideko lanak direla-eta. Hala, Higerreko igoera ezabatu dute eta bizikleta hartu bezain pronto Jaizkibel aldera joko dute kirolariek, biribilgunea gainditu eta metro gutxira dagoen biribilgunean ezkerretara hartuz. Igoeran, aurreko urteetan baino 500 metro gehiago egin beharko dute aldapan gora, ibilbidetik kendu duten zatia osatze aldera.
Azken zatian korrikalariek herrian zehar ibiliko dira, Hondartzako atletismo pistan kokatuko den helmugara iritsi aurretik.
Herrikoia, aurretik
Proba nagusiaren aurretik, 15:00etan hasita, Herri Triatloia ospatuko da. Parte hartzaileek
super-sprint distantzia osatu beharko dute, hau da,
sprint modalitatearen erdia: 375 metro igerian, 10 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika. 136 pertsonek eman dute izena 2018ko triatloi herrikoian.