Ekainaren 10ean, Gure Esku Dago-k deituta, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituzte giza kate baten bitartez. Duela lau urte ez bezala, kutsu politikoagoa izango du, eztabaida zabaltzeko
Giza katea egingo dute ekainaren 10ean.
Gure Esku Dago mugimenduak erronka polita bota du ekainaren 10erako:?Donostia, Bilbo eta Gasteiz eskuz esku lotzea. 201,9 kilometro izango dira milaka lagunez bete beharrekoak. Distantzia ez dute ausaz aukeratu: urte hori —datorrena— ituan jarri dute erabakitzearen aldeko taldekoek.
«Batetik», esan du Jexux Olaziregi Gure Esku Dago-ko kideak, «ziklo berri baten atean gaudela ikusten dugu, eta horren aurrean, gutako bakoitzak gauza asko dauzka aportatzeko». Horrez gain, ikusten dute ziklo berri horretan erabakitzeko eskubidean ezaugarrituko dela. «Gure eskubideen eskubideen defentsan ariko gara», iragarri du. «Politikoki, Autogobernuaren Ponentziaren lanketa egingo da. Erabakitzeko eskubidea ponentzia horretan zentratuko da, eta presentzia izan behar duela iruditzen zaigu», jarraitu du. Horregatik, 2014ko eta 2018ko giza kateak ezberdinak direla esan du. Lehenengoa, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu bati zutabeak jartzeko baliatu zuten. Lau aste barru egingo denak, berriz, politikoki eragiteko asmoa izango du.
Gainera, Herritarron Ituna izenekoa aurkeztuko dute: 2019 arrazoi biltzen ari dira, eta itun bat osatuko dute, herritarrekin bildu eta gero. Itun hori osatuta, lekukoa Euskal Herriko eragileei pasa nahi diete. Baloia ez diete ate aurrean utziko, baina bai area barruan.
Lau urtean, aldaketa
2013an sortu zen Gure Esku Dago, eta hurrengo urtean hasi ziren lehen mobilizazio jendetsuak egiten: lehen herri galdeketak; Iruñea eta Durango lotu zituen giza katea; Zurriolako mosaikoa, Kataluniako eta Eskoziako prozesuei babesa emateko… Lau urte urte historiaren orrialdeetan esalditxo bat besterik ez baldin bada ere, Euskal Herrian gauzak asko aldatu direla uste du Olaziregik: «Dezente aldatu da, eta ez alde mobilizatzaile baten aldetik bakarrik. Gero eta jende gehiago ahaldundu da; eztabaida geroz eta toki gehiagotara zabaldu da. 203 udalerritan egin dira galdeketak, eta 196.000 pertsonak parte hartu dute horietan. Jende hori guztia ahaldunduta dago, eta hurrengo fase batera salto egiteko prest dago».
Urte hauetan guztietan egindako lana baloratu du, eta ez du uste hainbeste jende mugiarazi duen mugimendu bat —hain denbora epe laburrean— egon daitekeenik. Mobilizazio horiek pluralak izan direla esan du; muga baten barruan, onartu duenez: «Pluraltasun hori handiagoa izatea gustatuko litzaiguke… baina, aizu, lehenengo fase bat izateko oso garrantzitsua da. Zerotik ehunera ez gara egun batean pasako. Gauza pila bat lortu dira. Hurrengo faseetarako ikusiko da nola egituratuko den guztia».
Egungo testuinguru politikora bueltatuz, iritzi du fase berriaren definizioa kanpo mehatxutik baino, Euskal Herri barruko borondatetik datorrela. Hala ere, Espainiako Estatuan dagoen zentralizaziorako joera berria ez du ahaztu, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua Katalunian indarrean dagoen momentuan. Hego Euskal Herrian mehatxu hori existitzen dela ohartarazi du, Espainiako Estatuaren barruan irauten duen artean. Baina artikulu hori indarrean jarri gabe ere, bada antzeko kasurik: «Euskal Herrian beste era batean aplikatu izan dira; Nafarroako Parlamentuak onartutako hamazazpi foru lege atzera bota dituzte, baita beste hainbat erabaki ere. Horiek atzera botatzeak adierazten du estatua zentralizatzeko nahia. Estatua krisian dagoela argi dago, eta hori ordainduko dutenak autonomiak izango dira. Esango dute: ‘Guk hau eman dizuegu, eta begira zer egin duzuen’».
Horregatik, horren aurrean, euskal instituzioak defendatzera deitu dute: «Erabakiak hemen hartu nahi ditugu. Kendu nahi digutenean gehiago eskatzen dugun horretan, uste dut talka bat sortuko dela hurrengo fase batean». Horregatik, Gure Esku Dago ahalik eta zabalena izatea nahi dute, eta euren eskakizunak hemen hartutako erabakien defentsa horretara bideratuko dituzte.
Kutsu nazionala
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuak batuko direla eta, kritikaren bat edo beste entzun da. Gure Esku Dago-k ibilbidea diseinatu zenean kontuan izan zituen irizpideak azaldu ditu: «Lehenetsi genuen biztanle gehien bizi diren eremuak. Horiek hiriburuak dira. Bigarren gauza lehenetsi genuena izan zen 2014ko giza katea pasatu ez zen eremuetatik pasatzea. Giza kate honi falta zitzaion osagai politikoago bat. Gasteizera iritsi behar zuela uste genuen. Eztabaida politikoa gori-gori dago. Hor sartzen badugu erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena, uste dut gainontzeko eremuetara zabal daitekeela».
Mobilizazioak Euskal Autonomia Erkidegoko kutsua duela ukatu du Olaziregik. Duela gutxi egindako beste mobilizazio batzuekin alderatu du: «Abenduan Parisen manifestazio hura egin zen. Nori interpelatzen zitzaion? Frantziako Estatuari… Ekitaldi nazionala zen; ez Ipar Euskal Herrikoa bakarrik. Bertan eskatu ziren hainbat gauzek Espainiako Estatuan eragina izango zuten. Bilbon urtarrileko manifestazioak egiten direnean, berdin. Bilbon egiten dira, baina nazionalak dira. Altsasukoak aske manifestazioa Iruñean egin zen; manifestazio nazionalak dira».
Giza katea ekitaldi nazionala dela uste du. Eztabaida politikoa Gasteizko Legebiltzarrean dagoela esan du, eta han eztabaida politikoa mahaigaineratzeak beste bi eremuetan —Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian— eragina izan dezakeela. «Horregatik», zehaztu du, «badauka osagai politikoa eta garrantzi handia izango du giza katean».
Ekainaren 10ekoa egun bakarreko ekitaldia izanagatik, aste asko behar ditu prestatzeko. Pixkanaka bidea egiten ari dela aitortu du Olaziregik, eta laster sarriago entzungo dela: «Udaberri hau, nahiz eta negua dirudien, oso bero etorri da Euskal Herrian. Hasi mobilizazio eta mugimendu feministekin. Ondoren, pentsiodunen mugimenduak kalea asko zapaldu du. Gainera, ETA desegin da. Agendan sartzea asko kostatzen da. Ziurrenik egunerokotasuna lortuko du ekainera hurbiltzean».
Herriz herri, duela lau urte baino lan handiagoa egiten ari direla jakinarazi du, jendea aktibatu dela. 201 kilometroetan arduradunak izendatuta daude, eta giza katea pasatuko den herrietan jendea asko mugitzen ari dela, inoiz baino talde gehiago daudela buru-belarri lanean. «Oso pozik gaude egiten ari denarekin. Iruditzen zaigu, giza kate honekin, bai planteamenduan, bai exekuzioan, gutxi gora behera, asmatzen ari garela. Antolaketa lan guztia lotzen ari gara Herritarron Itunaren lanketarekin, hasieran hain difusoa zirudien hori. Horrek emango dio indarra. Herritarron Ituna bada gauza oso politikoa».
«Kimu konstituziogileak»
Herritarron Ituna zergatik sustatu duten azaldu du: «Itun horrekin iritsi gara gizarteko sektore batzuetara non erabakitzeko eskubidea onartzen duten tresna gisa. Edukiak falta zaizkio erabakitzeko eskubide horri: zergatik eta zertarako erabaki. Mamia eman nahi genion». Herritarren Ituna itun bat baino, arrazoien bilduma dela ziurtatu du.
Bilduma horretako 2019 arrazoiak mahaiaren gainean jarri nahi dituzte, hortik abiatu eta herri itun bat osatzeko. «Gure Esku Dago ez da inor herri itun hori sustatzeko. Gure lana da herritarrak aktibatzea, eragile politiko, sindikal eta sozialek herri itun hori sustatzeko. Guk Herritarron Ituna ongi ateratzea nahi dugu, garrantzitsua baita. Eragile askorekin aritu gara lanketan. Lan mardula izaten ari da».
Prozesu konstituziogile batekin, bere kimu txiki batzuekin, konparatu du: «Iritziak jasotzen dira, arrazoiak bildu, eztabaida sustatu eta hortik abiatu. Horren kimu bat izango litzateke. Horren helburua hori da, gehienbat. Erabakitzeko beharra azalerazi nahi dugu, herri honek behar hori duelako, eta gero eragileei esan herritarrak prest gaudela, eta eurei dagokiela. Guk jokalekua jarriko diegu».
Erabakitzeko eskubideak estatus juridiko-politikoari bakarrik ez dagokiola argi utzi nahi izan du, eta eskubide horrek langileei, feministei, euskarari eta beste hainbat esparruri eragiten diola. «Badator, uste dut, herri honen berpizkunde fase bat. Gero nola bilakatuko den, auskalo». Balizko berpizkunde horren hurrengo zita, Donostia eta Gasteiz artean, Bilbotik pasatzen.
Giza katean izena emateko toki eta egunak
- Hondarribia. Astebururo San Pedro kalean ari dira mahaia jartzen (euria egiten badu, Itsas Etxean), 12:00etatik 14:00etara. Hilaren 20tik aurrera egunero jarriko dute.
- Oiartzun. Fermiñene Etxean bulegoa zabaltzen dute, ostiralero, 18:00etatik 20:00etara.
- Lezo. Astelehenetan Donibane kaleko kultura aretoan egoten dira, 18:30etik 20:00etara. Ostiraletan, berriz, Tiñelu elkartearen kanpoaldean, 19:30etik 21:00etara. Mendekosteetan mahaiak egunero jarriko dituzte.
- Pasai Donibane. Hainbat data esanguratsutan jarriko dituzte saretzeko mahaiak: etzi, Santiago plazan, goizez; 19an, Bizkaia auzoan, goiz eta arratsaldez; 20an, Santiago plazan, goiz eta arratsaldez. Hilaren 26an Meipin egongo dira, eta biharamunean Santiago plazan. Bi kasuetan, goizez.
- Antxo. Antxoberfesten eta Sagardo Egunean mahaiak jarriko dituzte. Horrez gain, tutore figura sortuko dute, hainbat pertsonak, bakoitza bere inguruan, atxikimenduak biltzeko.
- Trintxerpe. Gaur arratsaldean Azkueneko biribilgunean egongo dira, eta bihar goizean, azokan.
- Irun. Astearte eta ostegunetan, 18:30etik 20:30era arte zabaltzen dute lokala (Arbelaitz kalea, 3).
- Errenteria-Orereta. Maria Lezo kaleko lokalean egunero egoten dira, 18:00etatik 20:00etara. Izena emateaz gain, kamisetak eta abar eros daitezkeela jakinarazi dute. 2.000 errenteriar behar dira giza katerako.
Irungo kontsultako galdera adostuko dute bihar
Herri galdeketak pixkanaka ugaritzen ari dira. Datorren udazkenean, irundarrek zita izango dute hautetsontziekin, Hartu Hitza Irunek deituta. Hori bai, azaroaren 18an zein galderari erantzungo dioten falta da. Horretarako, Adosgunea bihar goizean bilduko da, bigarren aldiz, galdera adosteko. Palmera Montero Gunean elkartuko dira, 10:15ean. Irundar guztiak gonbidatu dituzte bertara, galderak ahalik eta onespenik handiena izan dezan. «Guztiok dugu zer esateko eta eztabaida ahalik eta parte hartzaileena zein irekiena izateko, guztion ahotsak batu behar ditugu», esan dute Hartu Hitzako kideek.
Irungo Adosgunea bihar bilduko da berriro,galdera adosteko.
Ez da datozen egunetan egingo duten ekitaldi bakarra izango. Klik Eguna ospatuko dute hilaren 19an. Zabaltza plazan bilduko dira, 18:00etan. Mosaiko bat egin nahi dute, eta hori osatzeko, irundarren laguntza behar dute. Bertan aurkeztuko dute bihar adostuko duten galdera, baita Hartu Hitzaren abestia ere bai. Giro paregabea egongo dela ziurtatu dute, eta janaria eta edaria ez da faltako.
Pasa den otsailean aurkeztu zenetik, abiadura bizian doa Hartu Hitza Irunen prozesua. Herri galdeketa egiteko lehen urratsa sinadurak biltzea izan zen. 3.000 behar zituzten galdeketari bermea emateko, eta langa hori gainditzea lortu zuten: legeak agintzen duena baino 800 irundarrek gehiagok izenpetu zuten. Ondoren etorri ziren Hartu Hitzaren bideoaren aurkezpena eta Adosgunearen lehenengo bilera.
Hartu Hitzak irundarren inplikazioa eta babesa eskertu ditu, baita egin duten esfortzua bera ere.