Jaizkibelek ez du tropela puskatu eta Harresilandan erabaki da Bidasoa Itzuliko bigarren etapa.
Barnabas Peak izan da azkarrena Harresilandako sprintean
Barnabas Peak UC Mondiale taldeko txirrindulariak irabazi du Bidasoko Itzuliko bigarren etapa. Azken kilometroetan txirrindulariek Jaizkibel igo eta jaitsi behar izan duten arren, mendateak ez du tropela puskatu, eta esprintean erabaki da Hendaia eta Hondarribia arteko etapa. Hungariako txapelduna izan da azkarrena, eta nagusitasunez altxa ditu besoak azken metroetan. Alessandro Covi (Colpack) sartu da bigarren, eta Xabier Cañellas (Caja Rural) hirugarren. 30 bat txirrindulariz osaturiko tropeltxoa sartu da irabazlearen denbora berean.
Atzoko etapako irabazleak, Polartec taldeko Juan Pedro Lopez andaluziarrak lidergoari eutsi dio. Lehen postuetan aldaketa bat dago, sailkapeneko laugarren Jokin Aranburuk lasterketa utzi behar izan duelako Jaizkibel igotzen hasi aurretik izandako erorketa baten eraginez. Etapako irabazlea da orain laugarrena eta Unai Iribar Ampo-Goierriko TBko taldekidea kokatu da lehen euskaldun bezala, 8. tokian.
Bihar hirugarren etapa izango dute jokoan, 131,2 kilometrokoa, Orion hasi eta bukatuko dena. Bidean Andubia, Meaga eta Aiako gainak igoko dituzte.