Azken partida Barakaldon jokatu du Hondarribiko saskibaloi taldeak. Datorren urtean berriro jokatuko du Espainiako Lehen Mailan.
Express Hondarribia Ikasbasket saskibaloi taldeak merezitako oporrak hartu ditu, Espainiako Lehen Mailako azken partida jokatuta. Barakaldon bukatu du denboraldia Hondarribiko taldeak, igoerako kanporaketarako sailkatu den Ausarta taldearen kontra. 64-47 irabazi zuten bizkaitarrek.
Bukatu da denboraldia Ikasbasketentzat, eta nota onarekin gainera. “Espainiako Lehen Maila oso kategoria estua da, eta Ikasbasketek debut oso ona egin du aurten”, adierazi du Ganix Miron entrenatzaileak. Lehen fasea onenen artean bukatu zuen taldeak, eta igoera faserako sailkatuta, maila mantentzea lortu zuen. Bigarren fasean sufritzea tokatu zaio Ikasbasketi, batez ere jokalariak falta izan dituenean —larunbatean antolatzaile bakarrarekin aritu zen—, baina partida guztietan lehiakor kantxaratu da, garaipenaren bila beti.
Datorren urtean ere Lehen Mailan jokatuko dute hondarribiarrek. Oraindik goiz da jakiteko zer mugimendu egongo den baina dagoeneko hutsune bat izango du Ikasbasketek, Nerea Saenz de Buruaga pibotak taldea utziko duelako. Barakaldon azken partida jokatu zuen berdez jantzita donostiarrak.
Nerea Saenz de Buruagak azken partida jokatu zuen Ikasbasketekin Barakaldon (arg: Barakaldo Digital)