Asteburuan hasiko da zesta puntako Herriartekoa. Hondarribia inoiz ez da aurretik lehiatu eta etxean egingo du debuta, larunbatean.
Herriartekoan parte hartuko duten hondarribiarrak
Hondarribiko Pilota Eskolak zesta puntako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa jokatuko du estreinakoz. Asteburuan hasiko da lehiaketa eta hondarribiarrek etxean jokatuko dute lehen jardunaldia, larunbatean, Jostaldin.
Hondarribiak Donostia izango du aurkari, 16:00etatik aurrera. Lehen partida kadeteek jokatuko dute, ondoren gazteen partida izango da, eta bukatzeko, seniorren txanda. Jardunaldi bakoitzean hiru puntu daude jokoan, partida bakoitzeko bat. Hortaz, bi puntu lortu behar dira norgehiagoka irabazteko.
Lau modalitateetan jokatzen da Herriartekoa: eskua, pala, gomazko paleta eta zesta. Eskua da parte hartze handiena duena, 18 herri lehiatuko baitira, gomazko paletan 16, palan 8 eta zesta puntan 4 bakarrik. Hondarribiaz eta Donostiaz gain, Zumaiak eta Mutrikuk ere jokatuko dute zesta puntako 2018ko Herriartekoa.
Etorkizuna bermatuta
Lehen aldia da edozein modalitateetan Hondarribiak herrien arteko txapelketan izena eman duena. Parte ahal izateko jokalari asko behar izaten dira, astebururo Kadete, Gazte eta Senior mailetan bikote bana osatu behar direlako. Kontuan izan behar da beste txapelketekin batera jokatzen dela Herriartekoa (Gipuzkoakoa, Euskal Herrikoa, Ipar Euskal Herrikoak…), eta asteburu berean partida bat baino gehiago jokatu behar izaten dutela jokalariek. Hortaz, ez da nahikoa maila bakoitzeko atzelari eta aurrelari bana izatearekin, ahalik eta gehien edukitzea komeni da, hutsuneak betetzeko.
Hondarribiko Pilota Eskolako arduradun Yoni Amboagerentzat ametsa da Hondarribiak Herriartekoan parte hartzea: “Duela zazpi urte hasi ginen zestako eskolak ematen, eta bi amets nituen. Bat, haurrak erakartzea, eta hori dagoeneko lortu dugu, 30 haur baino gehiago ditugulako dagoeneko. Eta bigarren ametsa Herriartekoa jokatzea zen, Hondarribiak Herriartekoan parte ahal izatea. Eta hori larunbat honetan beteko da”.
Lehiari dagokionez, Amboagek argi du: “Parte hartzea da helburua. Hortik aurrera, dena emango dugu kantxan, baina oso zaila izango da jardunaldiren bat irabaztea, zestan tradizio itzela duten herrien aurka jokatuko dugulako. Hori bai, etorkizuna ziurtatuta daukagu eta hori da politena, aurten lehen aldiz jokatuko dugu Herriartekoa, baina atzetik datozenak kontuan izanda, urte askotan ariko garela ziurtatu dezakegu”.
Hondarribiko puntistak
- Kadeteak: Julen Basterra, Ander Portu, Jon del Rio eta Gorka Sagarzazu.
- Gazteak: Iñaki Sandoval, Kepa Goikoetxea eta Miguel Pop.
- Seniorrak: Antton Ageda eta Yoni Amboage.