Haur eta Kadete mailetako Espainiako Judo Txapelketa egin dute asteburuan Talavera de la Reinan (Toledo). Euskadiko federazioak zortzi domina lortu ditu.
Euskadiko federazioko dominadunak. Altuena da Gorka Aranbarri
Gorka Aranbarri, Ama Guadalupekoa taldeko judokak brontzezko domina lortu du Kadete Mailako Espaniako Judo Txapelketan. Talavera de la Reinan egin dute asteburuan, eta Aranbarrik -90 kiloetan lortu zuen domina.
Lehen borroka Ruben Martinekin galdu zuen, baina madrildarrak hurrengo borrokan ere aurrera egin zuenez —gerora txapeldun geratu zen—, hondarribiarra errepeskara pasatu zen. Koadroko borroka guztiak irabazi zituen Aranbarrik, lau guztira, eta horrek podiora igotzeko aukera eman zion.
60 kilotik beherakoetan Javier Estevas-Guilmain zazpigarren geratu zen, bi borroka gaindituta. Jon Pascualek ez zuen zorterik eduki eta ohorezko postuetatik kanpora geratu zen.
Orotara, euskal ordezkaritzak zortzi podio egin ditu Talaveran, zazpi kadeteetan eta bat Haurren Mailan.
Amako entrenatzaile Alberto Perezen alabak ere domina lortu zuen, brontzezkoa, Errioxako federazioa ordezkatuz.