Abian da 'GURS Experiences' erakusketa Arma Plaza kultur gunean. Atzo kanpalekuan jaiotako Ramon Villalbak hitzaldi hunkigarria eskaini zuen.
Ramon Villalba bere hizketaldian. Aita durangarra zuen, ama asturiarra, Gursen ezagutu ziren
Abian da Hondarribiko Arma Plaza kultur eta turismo gunean
GURS Experiences erakusketa (astelehenetik larunbatera 10:00etatik 19:00etara bisitatu daiteke; igandeetan 10:00etatik 14:00etara).
Askatasun Arte kolektiboak antolatu du, 1939 eta 1946 urteen artean 60.000 pertsona jaso zituen Biarnoko kontzentrazio eremuaren historia azaleratzeko. 36ko gerra galdu eta gero, frankisten errepresiotik ihesi joandako euskal herritar asko izan zituzten bertan preso oso baldintza txarretan, sei milatik gora, 40 hondarribiar eta 450 irundar inguru haien artean.
Atzorako erakusketari lotutako hitzaldia antolatu zuen Askatasun Artek. Proiektuko arduradun Alejandro Santosek egin zuen aurkezpena, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen. “Bost lagun gaude proiektu honetan eta lau hondarribiarrak dira, nahitaez etorri behar genuen hona”, esan zuen. Atzoko aurkezpenean lau horietatik bi zeuden Arma Plazan, Markos Sodupe eta Uberka Carda.
Baina ekitaldiko protagonista nagusia Ramon Villalba izan zen. Aita durangarra zuen, ama asturiarra, Gursen ezagutu ziren eta han jaio zen bera. Oloron Sainte Marie herrian bizi da —eremuaren ondoan—, eta bisita gidatuak eskaintzen dizkie gaztetxoei: “Gogorra da, baina kontatu beharra dago berriro errepikatu ez dadin. Oso inportantea da Gursen gertatu zena kontatzea, batez ere, belaunaldi berriei, beraiek eraikiko dutelako etorkizuna”.
Hilaren 13an Askatasun Artek ekoitzitako dokumentala proiektatuko dute Itsas Etxea Auditoriumean. Bitartean, eta hilaren 20ra arte, erakusketa bisitatu daiteke Arma Plazan. Kontzentrazio eremuaren historia eta bilakaera azaltzen du, euskaldunen ihesaldia gertatu eta Frantziako agintariek eremua eraiki zutenetik, naziek Gurs judutarrak sarraskitzeko sistemaren barruan txertatu zuten arte. Argazkiez eta testuez gain, erakusketan Gursen bizi izandakoen bizipenak jasotzen dituzten bideoak ikus daitezke —eta aurikularrekin entzun—, baita Askatasun Arte kolektiboari buruzko informazioa jaso ere.
Santosek atzoko agerraldian adierazi zuen Gurseko memoria zabaltzen hasi direnetik asko handitu direla euskal herritarren bisitak kontzentrazio eremura. Hondarribirako prestatu dituzten ekitaldien ondoren hurrengo urratsa izan daiteke hori, Biarnoko eremura hurbiltzea, gerra galdu eta gero ihesaldian preso eduki zituzten sei mila euskaldunen memoria ahanzturatik ateratzeko.