Ama Guadalupekoaren garaipena Bermeon, 2014an
Bere asmoa ez zen hori, baina horrela atera zaio. Herriko arraunlariei gorazarre egin nahi zien, 2015ean eginiko denboraldi bikainagatik zoriondu. Hori baino ez zuen helburutzat hasieran. Baina, horrek aurrekariei erreparatzea merezi zuela erabaki zuen eta, gerora, zergatik ez beste arraun elkarteek egindakoa balorean jarri? Gauza da hiru urteko lan ordainezinaren ondoren, eta ia ohartu gabe, arraunaren biblia sortu duela Xabier Castrillon
Kastri-k.
Arrauna Ezagutzeko Kronika. 2003-2017 denboraldiak idatzi du. Urte horietan gertatutako ia guztia jasotzen du liburuak (emaitzak, estatistikak, grafikoak, adierazpen esanguratsuak…), baita Kontxako historiakoak ere, dozenaka bitxikeria barne.
Hondarribia Arraun Elkartearen (HAE) zale amorratu da Kastri, eta herriko klubari buruzko datuak biltzen hasi zen: “Barrurako zerbait nahi nuen egin, arraunlarientzat batez ere”. Baina datuak biltzen eta ikerketa zabaltzen zihoan heinean, Traineruen Klublen Elkartearen (TKE) ligako eta Kontxaren historiako kronika idazteko materiala bazuela ohartu zen. “Grazia handirik egiten ez didan arren, Urdaibai da azalean ageri den lehen elkartea, ligan garaipen gehien lortu dituelako”. Hala, HAEri orotara 50 orrialde inguru eskaini dizkio, liburua ixten dutenak. Bertan Ama Guadalupekoaren ligako emaitzak eta estatistikak, arraunlari guztien parte hartzea, haien datuak, Kontxan HAEk lorturiko garaipenak, eta abar azaltzen dira. Baina gainontzeko ia 400 orrietan, berdeen zalea dela alde batean utzi du egileak: “Datu objektiboak, garaipenak, markak, estropada eremuei buruzkoak… Ligan eta Kontxan zer gertatu den azaltzen du liburuak, edozeinek erraz kontsultatu eta erabiltzeko aukera izan dezan”, azaldu du Kastrik.
Liga da aitzakia, eta ligak hartzen du argitarapenaren zatirik handiena, 350 orritik gora. Kontxari ere tarte bat utzi dio. «Ligarekin arraunaren garai modernoa hasten da, baina Kontxak sekulako garrantzia du, nahitaez egon behar zuen», justifikatu du.
Modu hotzean nahiz beroan lantzen du Donostiako estropada: «Batetik, estatistikak bildu ditut, emaitzak, markak, horrelakoak. Eta bestetik, bitxikeriak, aurkitu ditudanetatik interesgarrienak iruditu zaizkidanak, kirol honen edertasuna nabarmentzeko balio izan didatenak». 100 bitxikeria inguru azaltzen dira liburuan, denetarik. Esaterako, San Pedrok eta San Juanek, elkarrekin parte hartuta, Kontxa irabazi zutenekoa, San Pedroko traineruan zazpi Arrillaga bildu zirenekoa, arraun elkarteak bereizteko koloreak erabiltzen hasi zirenekoa, lehen babeslea, hondarribiar batzuek Lapurdi trainerua sortu eta hirugarren geratu zirenekoa… «Edo beste hau: Ramon Uranga oriotarrak estropada guztiak lehiatu zituen 1901etik 1915era, eta itsua zen. Istorio hori sekulakoa da”.
Arraunlari denei eskainia
Urteak eman ditu Xabier Castrillonek
Arrauna Ezagutzeko Kronika. 2003-2017 denboraldiak liburua idazten. Inork aurretik egin gabeko lana da, baina egileak ez du uste hainbesterako denik: “Oso lan pertsonala da, lan handia bai, eta diru asko jarri behar izan dut argitaratzeko, baina edozein arraun zalek egin zezakeen hau, edo hau ez bada, antzerako zerbait”.
Nolanahi ere, berea da, eta eskaintza berezia du, “munduko arraunlari guztiei, Juleni eta Manexi bereziki”. Julen Castrillon, Xabierren semea, iaz arrauna utzitakoa, Ama Guadalupekoaren urrezko urteetan arrastoa utzitakoa. Eta Manex Aldai, Julenen txikitako eta betiko laguna, eta traineru kidea.
Manexen aitaren, Nikolas Aldai kazetariaren laguntza izan du Castrillonek idazlanean, zuzenketa lanetan eta zenbait hausnarketen itzulpenetan: “Asko lagundu dit, ikaragarri”. Izan ere, euskaldun berria da egilea, baina argi zuen liburuak euskaraz behar zuela izan: “Ez dut beste aukerarik aztertu, euskaraz atera behar zen, baina horretarako laguntza behar nuen, nire maila ez delako nahikoa, eta Nikolasek lagundu dit”.
2016ko Lekeitioko estropadako une bat (arg: Joxeju Olasagasti)
Ez da lagundu dion bakarra, eta hasieratik bertatik argi geratzen da, sarrera moduan arrauna ondo ezagutzen duten pertsonen mezuak jaso baititu Castrillonek. Besteak beste, Joxemi Elduaien HAEko presidentearen, Mikel Orbañanos entrenatzailearen, Eugenio Fernandez TKEko batzorde teknikoaren arduradunaren, Joseba Amunarriz Ama Guadalupekoako patroiaren eta Iñaki de Mujika kazetariaren testuek lagundu diote arraunaren kronika osatzen.
Etxeko arraunlariei omenaldi gisa hasi zen Xabier Castrillon
Arrauna Ezagutzeko Kronika. 2003-2017 denboraldiak idazten. Gerora, arraunlari guztiei eskaini die, eta arraun zale guztien eskura jarri du bere urteetako lan mardula. Momentuz, nola zabaldu erabakitzen duen bitartean, Hondarribiko Olearso liburudendan 25 ale jarri ditu salgai, 25 euroan, “proba bezala, harrera zein den ikusteko”.
Aleren bat erosi nahi izanez gero, idatzi
Hondarribiko HITZAren posta elektronikora, eta zurekin harremanetan jarriko gara.
Gidaren estruktura
Sarrera
Hitzaurreak. Hainbat pertsonai ezagunen testuak Ama Guadalupekoari buruzkoak: Arraun Elkarteko batzorde kideenak, teknikarienak, arraunlarienak, kirol kazetarienak…
TKE liga. 2003-2017
Estropadak. Estropada guztien fitxak (irabazlearen eskifaia, hiru lehen sailkatuen denborak, egun horretan jasotako adierazpenak…).
Estatistikak. Denboraldi bakoitzeko hiru lehenen puntuaketa; estropadetako markak (denbora, abiadura, luzera, ekitaldi kopurua); eremu bakoitzeko irabazleak eta urtea; arraun elkarteen garaipenen grafikoa.
Kontxa. 1879-2017
Estatistikak. Arraun Elkarte bakoitzaren garaipenak; 2000 urtetik lehen bi sailkatuen denbora metatuak; denborarik onenak (sailkatze estropadan, jardunaldi batean eta bi jardunaldiak batuz).
Bitxikeriak. Kontxako historiaren gaineko ia ehun bitxikeria: ontzi bakarreko parte hartzeak, San Juanek eta San Pedrok bandera elkarrekin irabazi zutenekoa, ontzien lehen pisaketak, koloreak zozkatzen hasi eta elkarte bakoitzak berea aukeratzen hasi zirenekoa, arau aldaketak, zigorrak, lehen iragarkiak…
XX. mende hasierako Hondarribiko trainerua (arg: Done Pedro Arrantzaleen Kofradia)
Hondarribia Arraun Elkartea
Liga. 2017ko denboraldiko arraunlarien estatistikak; 2003-2017 arteko garaipenak eta bigarren postuak; grafikoak; arraunlari guztiak (denboraldi eta estropada kopurua zehaztuta).
Kontxa. Hondarribia Arraunen garaipenak (denbora, bigarrenari ateratako tartea, eskifaia); bigarren postuak; HAEko patroiak 1979 eta 2017 artean.
Bestelakoak. Arraunlariei eskainitako bertsoak;
Hondarribiko arraunlariak abestia (Javi Bustoren letra eta partitura).
Kronika da, baina erabiltzeko gida behar zuen izan
Alai Ondo Estudioak diseinatu eta maketatu du Castrillonen liburua. Arraun elkarteen nortasuna gorde eta estropada egunetan bizitzen den giroa irudikatu nahi izan dute diseinua sortzerakoan.
Liburuaren azala
Arrauna ezagutzeko kronika osatu aurretik, Xabier Castrillonen hasierako asmoa Hondarribia Arraun Elkartearen 2015eko denboraldiari buruzko materiala biltzea zen, “25 estropada ofizialak, ligako hemeretziak, Kontxako hirurak, eta hiru txapelketak”. Baina laster konturatu zen asmo hori txikiegia zela: “Emaitzak ez ziren egun batetik bestera sortu, aurreko urteetan egindako lanaren uzta ziren, eta ligaren sorreratik hastea erabaki nuen”, azaldu du.
Emaitzak, estatistikak, adierazpenak… jasotzen hasi zen, eta forma ematen: “Oso modu oinarrizkoan egin nuen, pentsa, maketazioa Word programarekin egin nuen”. Hurrengo bi urteetako informazioa ere jasotzean eta, batez ere, liburuaren ikuspegia arraun elkarte guztiei irekitzerakoan, liburuak beste itxura bat behar zuela ohartu zen. “Helburua konpartitzea bazen, nik jasotako kronika besteentzako erabilgarria izateko, ulerterraza behar zuen izan, arina… eta diseinatzaile batzuekin jarri nintzen harremanetan”.
Alai Ondo Estudioko Ohiana Kalparsorok eta Nerea Ansak hartu zuten ardura hori. Kronikari arintasuna ematen saiatu zirela adierazi du lehenengoak: “Datu tekniko eta izen asko batzen dituen liburua da, eta irakurtzeko erosoa izatea markatu dugu helburu, informazioaren eta espazio zurien arteko orekarekin jolastuz edukiari arintasuna emanez. Gainera, tradizioz beteriko kirola izanagatik ere, gaur egungo garaietara erabat egokitu dira. Maketazioak hori ere islatu nahi izan du”.
Bilakaeraren isla
Castrillonen lanari forma ematerakoan, arraun elkarte bakoitzaren nortasuna aintzat hartu du lanak, eta azal koloretsua osatu du Alai Ondo Estudioak. Bertan, 2003-2017 artean TKE ligan parte hartu duten kluben izenak azaltzen dira, garaipenen araberako hurrenkeran: “Itxuraz abstraktuak diruditen formak talde izenen letren kontraformak dira. Kolore eta formekin jolasean itsas ikurrinak etorri zitzaizkigun burura, eta horrela islatu nahi izan genuen”.
Liburuak arraunaren festaren kronika egiten badu, hori bera irudikatu nahi izan dute Kalparsorok eta Ansak, azaletik hasita. “Konposaketa koloretsu eta alai bat osatu nahi izan dugu, edozein estropada egunean kaleetan ikusten den giroaren modukoa”, erantsi du Kalparsorok.