Askatasun Arte elkarteak Biarnoko eremuari buruzko hitzaldia antolatu du gaurko, Arma Plazan abiatu duen erakusketari lotuta.
60.000 pertsona baino gehiago, 1.073 hilobi, beste 12.000 beste nonbaiten erailtzeko eramanak. Itxi zutenetik 73 urte pasa diren arren, oraindik ere hotzikarak eragiten ditu Gurs kontzentrazio guneak. 1940 eta 1944 urte artean nazien atxilotze eremu nagusietako bat izan zen, baina aurretik, 36ko Gerratik ihes egindako errepublika zaleen espetxe bilakatu zen, haien artean euskal herritar askorena, 6.000tik gora.
Gaurtik hasita, Gursen gertatutakoak gogoratzeko aukera izango da Hondarribian, Askatasun Arte elkarteak
Gurs Experiences goiburuarekin antolatutako hainbat jarduerei esker. Arma Plaza kultur gunean erakusketa abiatu dute, eta hilaren 20ra arte bisitatu daiteke. Gaur egun aproposa da horretarako, arratsean Biarnoko kontzentrazio eremua ondo ezagutzen duten pertsonak elkartuko baitira bertan. Ramon Villalba da horietako bat, gurasoak Gursen preso izan zituen Tierra y Libertad elkarteko olorondarra.
Askatasun Artek gaurko antolatu duen hitzaldian parte hartuko du Villalbak,
Gurs Experiences proiektuan jardun duten zenbait kiderekin batera: Alejandro Santos proiektu burua eta
Gurs, un recuerdo desde el olvido dokumentalaren zuzendaria, eta errodajean aritu ziren Markos Sodupe eta Uberka Carda. 19:30ean hasiko da solasaldia, Arma Plazako goiko solairuan.
Eta hamar egun barru, hilaren 13an (igandea), dokumentala proiektatuko dute Itsas Etxea Auditoriumean.
Errefuxiatuen espetxe eta nazien kontzentrazio eremu izan zen Gurs