Udalaren altxortegia 43 milioikoa da iazko likidazioa eginda. Oposizioak aurrekontuen gauzatze maila handitzeko exijitu dio udal gobernuari.
Kreditu aldaketa bozkatzeko unea, atzoko plenoan
Lau ordu luzatu zen apirileko ohiko osoko bilkura. Bi etenaldi izan zituen, 2016ko sanferminetako talde eraso sexistaren sententziaren aurka protesta egiteko 19:00etan eta 20:00etan egin ziren elkarretaratzeengatik. Udal taldeek bi mobilizazioetan bost minutuz parte hartzea adostu zuten, eta horretarako, bi aldiz eten zuten plenoa.
Eztabaida gehiegi luzatu zen landu beharreko gaiak kontuan izanda. Atzo, gainera, Josemi Otxoteko popularra falta zen, osasun arrazoiengatik. Hala, udal talde bat gutxiago izan zen gai zerrendako hogei puntuen eztabaidan.
Jorratutako gai nagusiak 2017 urteko likidazioa eta 2018ko lehen kreditu aldaketa izan ziren. Aurretik, baina, hautetsien arduraldiarekin zerikusia duten bi puntu landu zituzten. Batetik, Maria Serrano eta Kalixa Silanes jeltzaleen arduraldia handitzea onartu zuen bilkurak, bi herenetik lanaldi osora pasatzea. Bestetik, udal oposizioko lehen taldeko bozeramaileari ere arduraldi esklusiboa ezartzea erabaki zuten, EAJren, Abotsanitzen eta EH Bilduren aldeko botoekin, eta PSEren abstentzioarekin. Eudelen gomendioari jarraituz, Igor Enparanek lanaldi osoa duten gobernuko kideen soldatarik baxuena jasoko du, %10eko murrizketarekin.
2017ko likidazioa
Osoko bilkurako lehen eztabaida nagusia joan den urteko likidazioaren gainekoa izan zen. Bost milioi euroko irabaziekin itxi zen iazko urtea, eta dagoeneko 43 milioi pasatxokoa da Hondarribiko Udalak pilatu duen altxortegia, 16 milioi legealdiko hiru urteetan. Hori ez zitzaion bat ere gustatu oposizioari eta euren haserrea adierazi zuten hiru taldeek. Abotsanitzen esanetan, “aurreikuspenak ez dira betetzen”, eta onartutako inbertsioetako asko ez dira burutzen. “Agintaldiko hiru urteetan, inbertsioetarako onarturiko aurrekontuetatik 18 milioi ez dira erabili, hiru urteetan inbertsioen %33a, %25a eta %24a gauzatu dira”, salatu zuen Igor Enparanek.
Sagarzazuk, baina, “egonkortasuna eta proiektuak gauzatzeko baliabideak” bilatzen dutela erantzun zion, eta pertsonalean egin beharreko lanketak emaitzak emango dituela erantsi. Baina gauzatze mailari dagokionean autokritika egin zuen alkateak: “exekuzio maila hobetu behar dugu. Hurrengo asteetan kudeaketa sistema berria ezarriko dugu eta exekuzio maila handitzeko tresna bat izan daiteke”
Jarraian, 2018ko lehen kreditu aldaketa proposatu zuen udal gobernuak. EH Bilduk ez zuen bozketan parte hartu, eta Carlos Gebarak zergatia azaldu zion Udalbatzari: “Ogasun Batzordea astelehen goiz batean egin delako, nahiz eta jakin gu lanean gaudela eta ezin genuela parte hartu. Ezin izan genuen gure iritzia eman eta gaur ez dugu bozketan parte hartuko”. Hurrengo deialdietan kontuan izango dutela erantzun zion alkateak, eta Gebarak eskertu zion keinua.
5,67 milioi euroko kreditu aldaketa proposatu zuen gobernu taldeak, “hiriarentzat oso garrantzitsuak diren inbertsioak egiteko”, alkatearen hitzetan. Abotsanitzek alde bozkatu zuen, argien eta itzalen artean lehenengoak nagusitzen zirelako: “Espero dezagun gauzatze maila handi izatea”, gehitu zuen Enparanek. PSEk kontrako botoa eman zuen, eta EH Bilduk ez zuen bozkatu, lehen azaldutako arrazoiengatik.
Kreditu aldaketak jasotzen dituen inbertsio garrantzitsuenak Molla ibilbideko lokalaren erosketa (1.100.000 euro, orain arte alokairuan zuen udalak), asfaltatze kanpaina bat (700.000 euro), Saindua gaztelekua berritzea (550.000 euro), eta Iturriberriko biribilgunea konpontzea (500.000 euro) dira. Beste obra txikiago baina inportante batzuk, Goiko-Errotan lanak burutzea, Amuteko eta Ramon Iribarreneko haur parkeetan joko inklusiboak ezartzea, Kostako semaforoen erreguladorea eta Alde Zaharreko Plan Berezia dira. Orotara, 30 inguru dira 2018ko lehen kreditu aldaketaren barruan onartu diren inbertsioak.
Nabarmendu behar da, onartutako inbertsioen artean udal aurrekontuetan oposizioko taldeek babestutako zenbait gastu zeudela, baita Abotsanitzenak ere, azaroko plenoan Arma Plaza Fundazioaren inguruko tira-birengatik jeltzaleek atzera bota zituztenak.
Euskara Plana
Hurrengo lau urteetarako Euskara Plan Estrategikoa ere onartu zuten atzo, udal talde guztien oniritziarekin. Arantxa Berrotaran arloko zinegotziaren esanetan, “aurrekoak baino osatuagoa da”, eta berezitasun bat duela gaineratu zuen, apiriletik Euskararen Aholku Batzordea osatua eta martxan dagoelako. EH Bilduko Gebarak nabarmendu zuenez, erabilera datuek argi adierazten dute udal politiken norabidea “ausartagoa eta konprometituagoa” izan behar duela, eta plan estrategiko berria norabide berriaren hasiera izan daitekeela uste du.
Aipatutakoez gain, beste hainbat gai jorratu zituzten atzoko plenoan. Besteak beste, Txingudi Ikastolako Guraso Elkarteak aurkezturiko mozio bat, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolari diru laguntza izenduna handitzeko proposamena (200.000 eurokoa), eta udal langile taldean hiru postuetan maila aldaketak ezartzeko proposamena onartu zituzten, hirurak aho batez.