1900 urtean inauguratu zuten Guadalupeko Fuertea, Pirinioetako defentsa lerroaren barruan. Bukatu zutenerako, erabat zaharkitua zegoen.
Jose Antonio Saez, ura iragazteko gelan, bisitariei azalpenak ematen
Hamahiru urteko eraikuntza lanen ondoren, 1900 urtean inauguratu zuten Guadalupeko Gotorlekua. Juan Roca Estades arkitektu militarrak diseinatu zuen, frantsesen sartu-irtenengandik babesteko Pirinio mendietako igarobideak zaindu nahi zituen P Lerroaren barruan. Oiartzungo lubaki-eremurako proiektatutako zortzi gotorlekuen artean handiena zen, 650 soldadurentzako tokia eta 69 kanoi kokatzeko gaitasuna zuelarik. Zortzi horietatik hiru baino ez zituzten eraiki (Guadalupe, San Marko eta Txoritokieta), eta Hondarribikoa izan zen bukatu zuten bakarra. “Inauguratu eta urtebetera Rocak berak onartu zuen gotorlekuak ez zuela ezertarako balio, urte haietan sekulako iraultza eman baitzen gerrako armei dagokionez”, azaldu du Juan Antonio Saez historialariak: “Bukatu bai, baina ez zuten artilleriaz guztiz hornitu”.
Historian Doktorea eta eraikuntza militarretan aditua da Saez. Horregatik, Guadalupeko Gotorlekuko bisita gidatuak bere eskutik egitea luxua da, erraztasun handiz egiten duelako kontakizuna, baita bisitarien zalantzak argitu ere.
Guadalupeko gotorlekuan ez galtzeko gida argitaratu zuen iaz, eta hainbat ikerketa burutu ditu Euskal Herriko nahiz Pirinio mendietako multzo gotortuez. “Gipuzkoako handiena izateaz gain, Gironatik hasita azkena zen Guadalupekoa, muturrean zegoen, horregatik da hain garrantzitsua balioan jartzea, garai hartan gertatu zena kontatzeko oso egokia delako”, erantsi du.
Zati handiena lur azpian egonik, kanpotik zaila da fuertearen handitasuna imajinatzea baina bisitariei erraz azaltzen die: “Hiru futbol zelairen tamaina hartzen du, lau ordu beharko genituzke dena bisitatzeko”. Elementu batzuk errepikatzen direnez, bi ibilbide diseinatu ditu Saezek:
Gotorlekua Ezagutu ordubetekoa, eta
Gotorlekuko Toki Debekatuak bi ordukoa. Ibilbide luzean azpiegitura militarreko elementu guztiak zeharkatu eta bakoitzaren funtzioa ezagutzeko aukera dago: lubanarroa, bi kuartelak, ofizialen pabiloiak, biltegiak eta muniziorako ordezkoak, eremuak elkartzeko atzeko ateak, lubanarroa babesteko bateriak, kasamatadun bateriak eta aire zabalekoak, patioak, gezi-leihodun galeriak…
Hiru futbol zelairen tamaina du, eta hiru solairu arte
Arma Plaza Fundazioak antolatzen du Guadalupeko Gotorlekuko bisita gidatuen programa. Udararako eskaintza osatuko dute, baina momentuz bi bisita horien artean aukeratu behar da. Batera egiten dira. Hau da, lehen ordua bisitari guztiek egiten dute elkarrekin, eta ibilbidearen erdia betetzen denean, laburra aukeratu dutenei ateraino laguntzen zaie, eta bi ordukoa aukeratu dutenek jarraitzen dute ibilbidea.
Ordubeteko ibilbidearen prezioa 6 eurokoa da, eta bi ordukoa egiteagatik 10 euro ordaindu behar dira. Baterako nahiz besterako erreserbatu egin behar da, talderik osatzen ez bada ez baita bisitarik egiten. Zortzi-hamarreko taldea nahikoa izaten da bisita egiteko; 943 64 36 77 telefono zenbakira deitu edo
Arma Plazaren helbide elektronikora idatzi behar da izena emateko.
Bisiten gidaria ez da euskalduna, eta kontakizuna gaztelaniaz egiten da, baina udaran euskarazkoak ere eskainiko ditu Arma Plazak. Orduan izango da Gipuzkoako monumentu handiena euskaraz bisitatzeko aukera. Hori bai, ez da gaiaz gehien dakienaren eskutik izango.
Zenbait hobekuntza
Badira urte batzuk Arma Plaza Fundazioak fuertea bisitatzeko programa abiatu zuela, herriko ondare arkitektonikoa balioan jartzeko xedez: “Guadalupeko Gotorlekua eta bere hedapena fundazioaren sorrerako helburuekin bat egiten du, guztiz gainera”, azaldu dute. Horregatik, urtetik urtera hobekuntzak egin dituzte eta horri esker lortu da bisitariei bi orduko ibilbide bat eskaini ahal izatea. “Gogoratu behar da duela urte batzuk nola zegoen fuertea eta orain nola dagoen”, nabarmendu du Arma Plazak.
Bisita gidatuan, gotorlekua barrutik nahiz kanpotik bisitatu daiteke
Esaterako, aurtengo bisita denboraldia abiatu baino aste batzuk lehenago zenbait hobekuntza egin dituzte. Sarrerako egurrezko zubia aldatu dute, eta armen patioko baranda berritu. Eta udarako aldaketa gehiago izango dira, bide babestua garbitzen ari direlako eta monumentua inguratzen duen egurrezko hezia ordezkatu nahi dutelako. Lanokin, fundazioak nahiz monumentuaren jabe den Hondarribiko Udalak pixkanaka-pixkanaka azpiegitura militarrari bere jatorrizko itxura itzuli nahi diote. Era berean, bisita aberastu nahi dute, artilleria eta soldaduak falta izanagatik ere, bisitariak fuertea eraiki zuteneko garaia irudikatu dezan.
Inauguratu zutenerako zaharkitua zegoen Hondarribiko Guadalupeko Gotorlekua, baina oso urruti joan behar da antzerakorik bisitatu ahal izateko. Gerrarako ez zuen balio, baina bisitatzeko bai, eta izugarri merezi du.