Musikari kurduaren laukoten 'Kampo Domiz' diskoa argitaratu berri du, bere senideak bizi diren kanpalekuari dedikatuta.
Gani Mirzo lautearekin. Lau sokako buzukia ere joko du Itsas Etxean
Gani Mirzo konposatzaile eta laute jole kurduaren taldeak elkartasun kontzertua eskainiko du maiatzaren 4an (ostirala) Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etan. Irak iparraldeko Domiz errefuxiatuen kanpalekuari eskainitako kontzertua izango da, bertan senideak dituelako, eta muturreko egoeran bizi direlako. Sarreren prezioa 3 eurokoa da, eta bildutako dirua kanpalekuko bizi-baldintzak hobetzera bideratuko da. Dagoeneko eros daitezke, Arma Plazako turismo bulegoan, edo
Internetez.
Siriak okupatutako Kurdistanen jaio zen Mirzo, Qamichon hirian, eta ekialdeko musikan aditua da, sona handikoa gainera. Gazte zela, Alepoko kontserbatorioan ikasi zuen, eta gerora ikasketa horiek Sirian nahiz Europan osatu zituen.
Aspalditik Bartzelonan bizi da, eta bertan Manuel Granados flamenko musikari eta konpositorearen ikasle izan zen, eta harengandik jaso zuen estiloak fusionatzeko zaletasuna.
1995etik talde propioa du, Gani Mirzo Band, musika kurdua flamenkoarekin eta jazzarekin uztartzen dituena. Lautearentzako nahiz gitarra flamenkorako konposatzen du, ekialdeko eta mendebaldeko musiken arteko zubiak sortuz. Itsas Etxera laukote formatuan etorriko da. Mirzok lautea eta lau sokako buzukia joko ditu, eta ondoan Neila Benbey (ahotsa eta perkusioa), Juan Jose Barreda (gitarra) eta Martin Melendez (txeloa) izango ditu.