XIII. Mintza Eguna Hondarribian ospatuko du Topaguneak, eta Blagan Euskara Elkartearen bigarren festarekin bateratu dute.
Hondarribiko arraunlariak ‘Itxeki euskarari!’ pankarta eskuetan, iazko Blagan Egunean
Sukaldeko egutegira joan eta biribildu, ahaztu baino lehen. Ekainaren 2an festa itzela izango da Hondarribian, Euskaltzaleen Topaguneak XIII. Mintza Eguna bertan egitea erabaki duelako eta, udalarekin eta euskara elkartearekin adostuta, Blagan Eguna ere egun horri begira antolatzen ari direlako. Bi ospakizunak bateratu dituzte, egun horretan euskararen erabileraren aldarriaren oihartzuna Euskal Herri osora zabaldu dadin.
Ehunka euskaltzale elkartuko dira herrian. Gainera, une erabakigarrian iritsiko da 13. ekitaldia, aurten mintzapraktika egitasmoek erronka berria darabiltelako, “euskara mintzapraktika taldeetan erabiltzetik, taldeetatik kanpo ere euskaraz normaltasunez aritzeko pausoa ematea”. Horregatik, euskaltzale guztiei euskara atxikitzeko deia luzatu die Topaguneak, “mintza taldeetan ereindako olatua, elkarrekin euskaraz aritzeko ohitura, kalera zabaltzeko”.
Bi zertzelada aurrerapen gisa
Festa handia izango da ekainaren 2koa, Euskal Herri osoko mintzapraktika taldeen elkargune izango baita, Blagan Egunaren bigarren ekitaldia izateaz gain. Gutxi barru emango dugu jardunaldiko xehetasunen eta egitarauaren berri, baina zertzelada pare bat aurreratuko ditugu.
Batetik, bazkari erraldoia prestatuko dutela, menu desberdinen aukerarekin. Ikusgarria izango da, eta gozatzeko modukoa.
Eta bigarrenik, hurbiltzen direnak zorionekoak izango direla,
Gorpuzkingz taldeak bere agendan egun hori erreserbatu baitu, herrian jotzeko.
GPK ez da musika talde bakarra izango, eta askoz ere ekitaldi gehiago izango dira XIII. Mintza Egunean eta II. Blagan Egunean. Maiatza hasieran jakinaraziko dizkizuegu. Momentuz, esandakoa, errotulagailu berdea hartu eta ondo markatu egun hori egutegian: ekainaren 2a, larunbata.