Hondarribiko, Iruñeko eta Baionako ekoizleek parte hartuko dute Bertako Produktuaren Asteko ekitaldi nagusian
Hirugarrenez antolatu du Hondarribiko Udalak Bertako Produktuaren Astea, herriko ekoizleekin elkarlanean eta ostalaritza arloko zenbait enpresen laguntzarekin. Ikasleentzako hainbat bisita gidatu, haur eta helduentzako gastronomia tailerrak, proiekzio bat, eta Baionako Les Halles merkatura eta urdaitegi batera baserritarrek eginiko bisita bildu dituzte egitarauan, asteazkeneko eta biharko azokekin batera.
Urtetik urtera hazi da jardueren kopurua, baina, aurten, hobekuntza nabarmena izan du, lurraldeen arteko lankidetzarako
Interreg POCTEFA 2014-2020 hitzarmenaren bitartez, Eskualde Garapenerako Europako Funtsatik diru laguntza jaso baitute jardunaldiek. Hori horrela, asteko ekitaldietako batzuk Hondarribiak Baionarekin eta Iruñearekin batera abian duen
Creacity programaren barruan kokatu dituzte.
Hiru hiri harresituetako ondare kulturala sustatzea du helburu Creacityk, eta azken bi urteetan hainbat ekitaldi antolatu dituzte elkarlanean. Handienetako bat biharko San Pedro kalean prestatu dutena izango da.
Larunbat goizero baserriko produktuak erosteko aukera izaten da Portu auzoko oinezkoentzako karrikan. Bihar hori ez da aldatuko, baina herriko ekoizleekin batera, Nafarroako eta Lapurdiko hiriburuetakoek ere salduko dituzte euren produktuak, 08:30etik 14:00etara. Gainera, 11:00etatik aurrera eta postuak jaso arte, hainbat jarduera osagarri antolatu dituzte azokaren inguruan, horietako bat musikala, Joxe Mendizabalek doinuz girotuko baitu kale salmenta.
Hiru sukaldariren showa
Biharko azokako postuetako bat
Jakoba Errekondo agronomo eta idazleari gorde diote.
Bizi-baratzea bere azken liburua salduko du, baina batez ere herritarren zalantzak argitzen ibiliko da Errekondo, Euskadi Irratiko
Landaberri saioan egin ohi duen bezala. Bestetik, bi tailer egingo dituzte, gailetatxoena 8-10 urte bitarteko haurrei begira, eta ardo dastaketa, haur ez direnentzat.
Gorka Irisarrik gidatuko du hiru sukaldarien showcookinga
Lehenengoa
Legamia gozodendako Estitxu de la Fuentek emango du, baina lekurik ez da geratzen. Bigarrena, aldiz, doakoa eta irekia da, eta Miguel Goñi enologoak gidatuko du. Ardo dastaketarako aukeratu dituzten ardoak, Nafarroako
Lezaun eta
Bagordi, Lapurdiko Irulegi, eta Hondarribiko
Hiruzta dira.
Baina ekitaldi ikusgarriena showcooking jarduera izango da. Hirugarrenez egingo dute, baina lehen aldiz hiru sukaldari ariko dira jendearen aurrean pintxoak prestatzen, eta azokako bezeroen artean banatzen:
Alain Darroze baionarra, Iruñeko
Baserriberri jatetxeko Iñaki Andradas eta Ondarribi tabernako Iker Gallego. Saioaren narrazioa
Danontzat Gastrotekako Gorka Irisarriren ardura izango da.
Astean lehen aldiz, soilik bertakoak ez diren produktuak sustatzeko balioko du showcooking jarduerak, sukaldari bakoitzak bere herrikoak diren lehengaiak erabiliko baititu. Hori bai, denak tokikoak eta garaikoak, horiexek sustatzea baitu xede Hondarribiko Bertako Produktuaren Asteak.
Gorka Cepedak tailerra eman zuen asteazkenean. Irakurri elkarrizketa