Errentaren arabera, 50, 75 eta 100 euroko diru-laguntzak ematea proposatu du, 2018-2019 ikasturtetik abiatuta.
Hurrengo ikasturtetik aurrera eskola materialaren erosketa diruz laguntzeko proposatu du Hondarribiko PSE-EE-k. Aurrekontuen eztabaidan 50.000 euroko partida eskatu zuten sozialistek eta, onartu ez zen arren, udal gobernua proposamena aurrerago eztabaidatzea onartu zuela gogorarazi du Iosu Alvarezek: “Udal gobernuak neurriari babesa azaldu zion, beti ere erosketa Hondarribiko saltokietan egiten bada, tokiko merkataritza sustatzeko neurri gisa”.
Iosu Alvarez
Berriro egin dute eskaera, 2018-19 ikasturteari begira ezartzeko aukera egon dadin. Laguntzak, urtean 50.000 euroko diru-sarrerak baino gutxiago dituzten familientzat izatea proposatu du PSE-EE, errentaren arabera mailakatuta: “37.000 eta 50.000 euro arteko errententzat 50 euroko laguntza proposatzen dugu, 25.000 eurotik 37.000ra bitartekoentzat 75 euro, eta urtean 25.000 eurotik beherako errenta duten familientzat, 100 euro laguntza”.
Horrez gain, beste baldintza bat proposatu du Alvarezek diru laguntzak jasotzeko: haurrak Hondarribian erroldatuta eta EAEko hezkuntza sistemaren barruko zentroren batean matrikulatuta egotea.