Santiagotarrakeko aulki mugikorreko arraunlariak XXXII. Paolo D'Aloja bi eguneko estropadan lehiatu dira, Espainiako selekzioko laukoan.
Laukotea, larunbateko estropada irabazi eta gero (arg: Hector Seijo)
Santiagotarrak taldeko Nerea Seijo hondarribiarrak eta Aitzpea Gonzalez irundarrak urrezko domina lortu zuten larunbatean, Piedilucon (Italia) burutu den XXXII. Paolo D’Aloja estropadako lehen jardunaldian. Espainiako selekzioaren lauko ontzian lehiatu ziren bidasoarrak, Laura Monteso eta Nuria Puig katalanekin batera.
Bi jardunaldiko estropada izaten da Paolo D’Aloja, eta laukoteak larunbatean lortu zuen garaipena, Italiako ordezkarien aurretik. Igandean mendekua hartu zuten italiarrek, eta A finala menderatu zuten; Seijoren eta Gonzalezen ontzia laugarren helmugaratu zen.
Gonzalez 23z azpiko 2- ontzian ere lehiatu zen, Puigekin. Larunbateko jardunaldian ezin izan zuten A finalerako sailkatu; igandekoan bai, eta bosgarren geratu ziren.
Irungo klubeko beste ordezkari batek, Ander Legazkue ere bidaiatu zuen Italiara. Espainiako lauko arinean aritu zen, Pablo Perines sevillarrarekin, Alejandro Regueiro getxoztarrarekin eta Denis Carracedo katalanarekin. Bi egunetan emaitza errepikatu zuten, bosgarren.