Gipuzkoako Arrantza Kofradien 100 Urteurrenaren Bandera lortu du Ama Guadaluekoa traineruak.
Hondarribiarrak, Gipuzkoako Arrantza Kofradien Mendeurreneko Banderarekin (arg: @hondarribiarraun)
Gipuzkoako Arrantza Kofradien 100 Urteurrenaren Bandera irabazi du Hondarribia Arraun Elkarteak. Larunbatean jokatu zuten Donostian, Kontxako uretan. Mikel Orbañanosen kuadrillak hogei minutu, 29 segundo eta 60 ehunen behar izan zituen ibilbideko lau luzeak osatzeko. Joseba Amunarrizek Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien presidentearen eskutik jaso zuen mendeurreneko trapua, eta ondo baino hobeto gordeko dute Hermandadean.
Jaun eta jabe izan ziren berdeak, erakustaldia eman zuten Donostian. Bigarren Oriori minutu erditik gora atera zioten (31.06), eta ia 40 segundo hirugarrenari, San Pedrori (39.83). Eusko Label Ligan lehiatuko diren beste traineruei dagokionez, San Juan bosgarren helmugaratu zen (1:11.56), eta Donostiarra zazpigarren (1:32.15). Aipatzekoa KAE1ean ariko den Getariako eskifaiaren lana, San Juanen aurretik sailkatu baitzen, laugarren, hondarribiarrengandik 55 segundora.
Ekitaldi polita izan zen larunbatekoa, lurraldeko arrantza kofradien lana balioan jartzeko balio baitzuen. Baina kirol arloan ez zuen gehiegi argitu, Ama Guadalupekoak atera zuen aldea handiegia izan zelako. Kontuan izan behar da denboraldiko une berezian gaudela, eta arraunlari asko beste modalitateetan ari direla prestaketa egiten. Larunbatean bertan, esaterako, Donostiarrak, San Juanek eta Oriok
Gipuzkoako Batel Txapelketa jokatu zutela Pasaiako badian. Gizon seniorretan, Donostiarrak irabazi zuen, lehen aldiz.