Abenduaren 13an eratu zen mugikortasun mahaia, eta Abotsanitz udal taldeak salatu du bertan hartutako konpromisoak ez direla bete.
Abotsanitz Udal Taldeak Hondarribiko mugikortasun mahai iraunkorra eskatu du komunikabideei bidalitako ohar bidez. Orain arte behin bakarrik bildu dela salatu dute, “duela lau hilabete”, eta jarraipena emateko galdegin diote Ingurumen zinegotzi Kalixa Silanesi, “herriak mugikortasunaren gaia ezinbestekoa duelako”.
Iazko
abenduaren 13an bildu zen mahaia, eta Abotsanitzek kritikatu du bilera hartan hartutako konpromisoak ez direla bete: “Bertan konpromiso batzuk hartu ziren eta gaurdaino ez zaizkio herriari hartutako konpromisoen berri eman, mahaiaren osatzea besterik ez”.
Hondarribiko oposizioko talde nagusiaren arabera, mugikortasun mahaiak iraunkorra behar du izan, “bizia eta iraunkorra izan behar duela diote aditu guztiek, baina Hondarribian duela lau hilabete eratu zenetik ez dugu inolako urrats gehiagorik egin”. Hori horrela, eskaera luzatu diote Silanesi, “mahai iraunkor baten programa lehen baino lehen finkatzeko”.
Balazta plataformaren bizikleta martxa, iraileko Mugikortasun Astean