Aurreko bi ekitaldien arrakastaren ondoren, antzerako formatua izango du, bisitak, hitzaldiak, tailerrak eta kaleko jarduerak txandakatuko dituztelarik.
Larunbateko azoka izango da ekitaldi nagusia aurten
Hondarribiko Produktuaren Astea egingo dute gaurtik igandera. Hirugarren ekitaldia da eta, aurreko bien arrakastaren ondoren, antzerako formatua izango du, bisitak, hitzaldiak, tailerrak eta kaleko jarduerak txandakatuko dituztelarik. Udalak antolatzen du, ekoizleekin eta zenbait ostalariekin elkarlanean, eta bertako ekoizleen lana sustatzea eta elikadura ohitura osasungarriak hedatzen laguntzea du helburu. Jarduerak Eskualde Garapenerako Europako Funtsatik diru-laguntza jasotzen du, lurraldeen arteko lankidetzarako Interreg POCTEFA 2014-2020 hitzarmenaren bitartez.
Asteko lehen ekitaldia gaur izango da, Hondarribiko ekoizleek Baionako merkatura egingo duten bisitarekin. Hango azoka eredua ezagutzeaz gain, Ibaialde urdaiazpiko tailerra bisitatuko dute. Gaur ere ikasleen bisita gidatuak hasiko dira. Aurten, arrantzaleen kofradia, Botika Agroaldea eta Damarriko azoka bisitatuko dituzte Hondarribiko haurrek.
Berrikuntzetako bat azokan egongo da, bai asteazkenekoan, bai larunbatekoan, Hondarribiarekin batera Creacity programako kide diren Baionako eta Iruñeko zenbait ekoizlek euren produktuak salgai jarriko baitituzte.
Larunbatekoan ez da girorik faltako. Batetik, Joxe Mendizabal musikariak bertan abestuko duelako. Bestetik, Jakoba Errekondo agronomo eta
Bizi-baratzea liburuaren egilea bertan izango delako, hurbiltzen zaizkionen zalantzak argitutzeko. Hirugarrenik, Danontzateko Gorka Irisarrik gidatuta showcooking ekitaldia egingo dutelako; hau ere Creacity programari lotuta egongo da, eta hiru sukaldarik hartuko dute parte: Alain Darroze baionarrak, Iñaki Andradas iruindarrak eta Iker Gallego hondarribiarrak. Eta azkenik, Miguel Goñi enologoak gidatuta, ardo dastaketa egingo delako; Iruñeko Lezaun eta Bagordi ardoak, Baionako Irulegi, eta Hondarribiko Hiruzta dira dastatzeko aukeratu dituzten ardoak.
Asteko beste berrikuntza, ostiraleko proiekzioa izango da.
Mañana pelikula proiektatuko dute Kultur Etxean, 19:00etan. Dokumentala da, lau ikerlarik hamar herrialdetan eginiko lanketak azaltzen dituena. Ekonomia, nekazaritza energia eta hezkuntza alorrak lantzen ditu, eta gizateriaren desagertzea ekiditeko proposamenak egin.
Lau tailer
Astean zehar hainbat tailer egingo dira, denak doakoak, baina tokiz mugatuak. Izena eman nahi dutenek
udal webgunearen bitartez egin behar dute.
Lehenengoa tailerra asteazkenean iritsiko da, sukaldari tailerra Itsas Etxea elkartean, Arroka Berriko Gorka Cepedaren eskutik, 19:00etatik 21:00etara. Egun horretan bertan Damarriko azokan erositako produktuak baliatuko dituzte tailerrerako. “Baratzak, itsasoa… denetik daukagu Hondarribian eta etekina atera behar diogu”, adierazi du Cepedak.
Ostegunean pintxo-pote tailerra egingo dute, non eta Gran Sol Gastro Tokian, Mikel Muñozek prestatuta. 19:00etatik 21:00etara egingo dute, eta hamabost lagunentzako tokia dago. Parte hartzaile bakoitzak hiru pintxo prestatzeko aukera izango du.
Ostiralean, 7-9 urte bitarteko haurrek ogia egiten ikasteko aukera izango dute Amona Margarita okindegiaren eskutik: Parte-hartzaileek haien ogia labean erretzen ikasiko dute, baita ogi-orea egiten ere.
Azken tailerra, larunbatean izango da, Legamia gozodendan. Estitxu de la Fuentek azukrezko barazkiekin gailetatxoak egiten irakatsiko die 8 eta 10 urte bitarteko haurrei.