Telmo Iridoy artista hondarribiarrak unibertsoari buruzko bederatzi xilografia eskegi ditu Irungo Martindozenea Gaztelekuko horman.
Telmo Iridoy, erakusketako bere obrarik gogokoena erakusten
Zeinek ez du inoiz espazioarekin amestu, begiradarekin harrapatzera iristen ez garen hura imajinatu? Horixe bera egin du Telmo Iridoy artista gazte hondarribiarrak, baina imajinatu bakarrik ez, arte bilakatu ere egin du.
Unibertsoa nire eskuetan erakusketa inauguratu zuen atzo
Martindozenea gaztelekuan, Irungo Udaleko Gazteria departamentuak abian duen GazteArtean Expo programaren barruan. Maiatzaren 19ra bitarte izango da bisitatzeko aukera eta, merezi du, zentzu askotan erakusketa berezia delako.
Batetik, zer eta nola erakutsi asko zaindu du hondarribiarrak, erakusketa txikia den arren, oso txukun jarrita dago. Bestetik, Iridoyren grabatuak oso pertsonalak izanagatik, hurbilak ere badira, eta erraza da lanei begira jarri eta egilearekin identifikatzea, gure ametsak ilustratu izan balitu bezala. Eta hirugarrenik, linolio gaineko xilografiak dira Martindozenean eskegi dituenak, batere arrunta ez den teknika batean egindako artelanak dira; koadroen aurrean, egileak erabili dituen tresnak eta zenbait negatibo erakusten dira.
Ez da gizakiak gogoko ez dituela, baina nonbait, ez zaizkio artistikoegiak iruditzen. Hala dirudi behintzat, Iridoyren azken urteotako bilakaera aztertuta. Bere lanetan, natura da protagonista, paisaiak, animaliak, landareak… Hori guztia modu idealizatuan ilustratzen du, imajinatzen duen bezala irudikatuz, errealismotik hurbil batzuetan, eta psikodeliatik gertuago beste batzuetan.
Martindozeneako erakusketarako bederatzi koadro hautatu ditu, denak gai beraren inguruan bildutakoak: espazioa. “Imajinaziorako aukera handia ematen duen elementu bat izanik, beti erakarri dit unibertsoak —azaldu du—. Horrez gain, hizkuntza plastikoan potentzial handia duela eta istorio desberdinak sortzeko aukera ugari ematen dituela iruditzen zait. Horrela, aurrez gehiegi pentsatu gabe, estanpa espazialak egiten hasi nintzen, eta konturatzerako erakusketa bat egiteko bezain beste obrarekin topatu naiz”.
ilustrazioekin istorio bat osatu du Iridoyk
Banaka egindako lanak dira, berez ez dute harremanik elkarren artean, baina gaztelekurako istorio baten parte bilakatu dira. Atzo horrela azaldu zuen aurkezpenean: “Astronautak lurra utzi du eta espazioan bidaiatzen hasten da, beste planeta batera erortzen den arte. Espazio-ontzia hondatuta, ezingo du bere lurraldera itzuli, baina
skeleton-en laguntzarekin lurralde berria esploratzen hasiko da. Bidaian, edabe bat topatuko du, eta edaterakoan, unibertsoa kontrolatzera iritsi daitekeela konturatzen da. Unibertsoaren jabe izanik, ez du bere lurraldera bueltatzeko beharrik izango”.
Artista sena txikitatik du Telmo Iridoyk,
Lupe Amunarriz amarengandik jasotakoa. Marrazketa irakaslea zen ama, eta berarekin ikasi zuen marrazten. Gero, baina, bere bide propioa hartu zuen Telmok. Bartzelonara joan zen diseinu grafikoa ikastera, eta argazkigintza ere landu zuen Kataluniako urteetan. Ikasketak burututa, diseinatzaile grafiko bezala hasi zen lanean. Baina handik gutxira uztea erabaki zuen, “mundu digitalarekin aspertuta”, eta eskuz eginiko artean murgildu zen.
Debako arte eskolan grabatua ikasi zuen, eta Galiziako
CIEC fundazioan xilografia masterra burutzeko aukera izan du.
Galizia eta Bidasoa artean
Duela bi urte ingurutik A Coruñan bizi da, baina ez da hilabeterik Bidasora bisitan itzultzen ez dena. Izan ere, tatuatzeko teknika ere ikasi du bere kabuz, eta tarteka Irungo Foru kaleko
Costa Norte estudioan lekutxo bat egiten diote, bezeroak tintatu ditzan. Hori bai, aldez aurretik finkatutako hitzorduetarako izaten dela argitu du: “Marrazkiak aldez aurretik ondo lantzea gustatzen zait, tatuatzen hasi aurretik. Zehaztutako lanak egitera bakarrik etortzen naiz”.
Hortaz, norbaitek hondarribiarraren ilustrazioren bat bere gorputzean betikoratu nahiko balu,
llamavivatattoo.com webgunean (edo
@llamavivaprint facebook orrian) du artistarekin harremanetan jartzeko aukera. Eta bere lana gertutik ikusi nahi duenak, Martindozenea gaztelekura jotzea baino ez du. Maiatzaren 19ra arte bisitatu daiteke bertan
Unibertsoa nire eskuetan erakusketa, asteartetik larunbatera 17:00etatik 21:00etara.
Linolio gaineko grabatua ikasteko tailerra
Telmo Iridoyren tresnak
Erakusketa bakoitzarekin, GazteArtean Expo programak tailerra ere antolatzen du, gazteek artistak erabilitako teknika ikasteko aukera izan dezaten. Iridoyrekin ez da salbuespenik izango, eta hilaren 19an egingo da linolio gaineko grabatu tailerra.
Bi ordukoa izango da, dohainekoa, baina zortzi laguni mugatua. Izena emateko modurik azkarrena 943 505 444 telefono zenbakira deitzea da, baina gaztelekuko
posta elektroniko helbidera idatzita ere egin daiteke.