Hondarribia FEren historiari buruzko erakusketa antolatu nahian dabiltza. Herritarrei deia luzatu diete falta zaien materiala osatzeko: lehen urteotako argazkiak, bideoak, eta abar.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda
“
Hondarribiak badu futboleko ekipoa, neska ta mutiletan kategori handikoa. Ekiporik onena geurea izaki, herrian txafo dena ikustera faki…». Hondarribia Futbol Elkartearen ereserkiaren hasiera da; Jexus Mari Mendizabal
Bixargorri-rena da letra, Jose Antonio Irastorzak idatzitako partitura janzteko egindakoa. Klubak 25 urte bete zituenean estreinatu zuten eta, gutxi barru beste horrenbeste beteko ditu abestiak.
1971eko ekainaren 11n Txanpa, Ondarur, Goxoki eta Peña Klink elkarteetako ordezkariak Alameda tabernan elkartu ziren. Bilkura horretan sortu zen
Hondarribia FE. Non jokatzerik ez zuen, eta lehen partidak herritik kanpo jokatu behar izan zituen, Irunen eta Beran. 1972ko urtarrilaren 2an inauguratu zuten Hondartza futbol zelaia, lehenago hondartza-futbolean aritzeko erabiltzen zen hareatzan. Hondarribiak eta Ondarroako Aurrerak jokatu zuten egun horretan eta bana berdindu zuten.
Jose Antonio Kanpandegik gogoan du hondarribitarren eta ondarrutarren arteko partida hura, eta bereziki anekdota bat: “Hondartza zelaiko lehen gol ofiziala etxeko taldeak sartu zuen, baina ondarrutar batek. Fernando Solaegik sartu zuen gola, eta Solaegitarrak izatez Ondarroakoak dira”.
Bosgarren presidentea izan zen Kanpandegi, 1994 eta 2000 urte artean, baina aurretik egondakoa zen zuzendaritzan, 1978an. Oraindik partida guztietara joaten da eta klubaren entziklopedia du buruan, ez du argazki edo agiri bat behar honetaz edo horretaz gogoratzeko. Baina elkartean erakusketa bat antolatu nahian dabiltzala jakin zuenean, poz handia hartu zuen: “Beti hemen egondu naiz, sekulako oroitzapenak ditut. Oso polita izango da elkartearen historia erakusketa modura laburbilduta ikustea”.
Hiru urte barru mende erdia beteko du Hondarribiko futbol taldeak. Horren zain egon gabe bildu nahi dute klubaren historia. Josean Arrieta presidenteak azaldu duenez, horrelako zerbaiten beharra zuten: “Orain arte ez da horrelakorik egin, inoiz ez dugu klubari buruzko erakusketarik antolatu, eta behar dela uste dut”. Zuzendaritzako lau kide ari dira materiala biltzen eta sailkatzen: Javi Gonzalo, Naiara Salinas, Alberto Rodriguez eta Mikel de la Linde. Azken honek ekitaldiaren helburua zehaztu du: “Klubaren historia bildu eta zabaldu, jendeak ezagutu dezan, bai elkarteko bazkide eta zaleak, baita ez direnak ere”.
Lau pertsonako talde bat ari da materiala biltzen eta sailkatzen
Kanpandegi baino gazteagoak dira De la Linde eta Arrieta, eta ez zuten hasierako garaia ezagutu. Kanpandegik laburbildu die: “Orduan besterik ez zegoen, arrauna bai, baina trainerua ez zebilen orain bezala”. Egun 230 bazkide inguru ditu elkarteak, “orduan 900 aisa izango ziren”.
Historiako 47 urteetan Gipuzkoako Ohorezko Maila ez du gainditu, baina badira talde berdearekin hasi eta maila gorenera iritsitako jokalariak: David Villabona (Reala, Athletic, Racing), Kote Pikabea (Reala), Unai Emery (Reala), Joseba Llorente (Reala, Vila-Real), Unai Alba (Athletic) eta, egun, Mariasun Quiñones, Realeko eta Espainiako selekzioko atezaina.
Herritarren laguntzaren beharra
Erakusketarako material pila bildu dute dagoeneko, baina ez da nahikoa, eta herritarren laguntza eskatu du De la Lindek: “Jende gehienak uste du ez duela ezer interesgarria etxean, baina agian duten horrek lagunduko digu erakusketa osatzen”. Material asko dute, baina gauza batzuk ez dituzte lortu, eta horien bila ari direla nabarmendu du: “Klubaren lehen bost urteetako argazki gutxi ditugu, 1971-76 urteetakoak. Eta 25. urteurreneko ospakizunetakoak ere beharko genituzke, ez ditugu aurkitzen”. Tartean, ereserkia lehen aldiz abestu zutenekoa, musika bandak Hondartzan jo zuenekoa. Argazki hori falta dute. Baita 1982an Realak eta Real Madrilek jubenilen Errege Kopako finalerdia Hondartzan jokatu zutenekoren bat. “Zubieta obretan zegoen eta horregatik jokatu zen hemen. Inoiz ez da hainbeste jende sartu zelaian, goraino zegoen”, erantsi du Kanpandegik.
Bideoak ere behar dituzte, bideo zaharrak, “bakar bat ere ez dugulako”, kexu da De la Linde. “XX. mendean grabaturiko edozein bideo ondo legoke”, esan du. Erakusketa muntatzen dutenean klubaren bideoak proiektatu nahi dituzte, “eta bideoetan informazioa asko egon daiteke, erakusketarako baliagarria izango zaiguna. Azken urteetako bideoak baditugu, baina zaharrak ez. Adibidez, 25. urteurreneko bideorik ez dugu”.
Hasierako urteetako argazkiak, zelaiaren inauguraziokoak, bideo zaharrak, 25. urteurreneko materiala… Horren bila ari dira Hondarribia FEren orain arteko historia jasoko duen erakusketa osatzeko. Herritarrei eskaera luzatu diete, “horrelakorik izanez gero, gurekin harremanetan jar daitezen”.
Posta elektronikoz egin behar dute lehen kontaktua, helbidera idatzita, eta ondoren zehaztuko die klubak zer egin.