Datorren asteazkenean hasiko da 2016ko urriaren 15eko gertakarien inguruko epaiketa.
Altsasuko gazteen alde larunbatean Iruñean egingo den manifestaziora joateko autobusa irtengo da Bidasotik. Datorren asteazkenean hasiko da 2016ko urriaren 15eko gertakarien inguruko epaiketa, eta berme demokratikoak galdegiteko, gertatutakoa terrorismoa ez dela adierazteko, eta gazteei elkartasuna adierazteko manifestazioa egingo dute larunbatean. Kasua Nafarroako Lurralde Auzitegian epaitzea eskatzen dute deitzaileek.
Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformek deitu dute manifestazioa eta 17:30ean abiatuko da Golem zinemetatik.
Justizia nahi dugu. Ez da terrorismoa. Altsasukoak aske lelopean, milaka asko espero dira, besteak beste,
Nafarroako Parlamentuak bat egin duelako deialdiarekin —Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak bozkatu zuten alde; UPNk, PSNk eta PPk, kontra—.
Hondarribitik edo Irundik autobusez joan nahi dutenek honako telefono zenbakira deitu behar dute izena emateko: 691 73 52 33. Autobusa 15:45ean aterako da Hondarribitik (Maitane taberna paretik), eta 16:00etan Bixeran geldialdia egingo du, izena eman duten irundarrak jasotzeko.
Autobusa jarriko zela jakinarazi eta ordu gutxira bete da, baina antolatzaileek bigarren autobus bat jarriko dutela erantsi dute. Hortaz, izena emateko aukera zabalik dago, aipatutako telefono zenbakira deituta.
Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformek deitu dute manifestazioa