Asteburuan ligako azken partida jokatuko dute hondarribiarrek. Play-offerako sailkatu den beste talde baten etxean jokatuko dute, Zarautzen.
Igoera kanporaketarako sailkatu da taldea
Igandean Quiron Askartzari 32-23 irabazi eta gero, Il Capo Hondarribia Eskubaloiak liga erregularreko azken partida jokatuko du asteburuan Zarautzen, Txikipolit taldearen kontra. Ligako azkena izanagatik ere, ez da oporren atarikoa izango hondarribiarrentzat, lehen bosten artean sailkatzea lortu dutelako.
Basauri dagoeneko txapelduna da, eta Lehen Mailara igotzeko kanporaketa jokatuko du, beste multzoetako onenekin. Bizkaitarrekin batera Euskal Ligako bigarren talde bat lehiatuko da azken fasean, eta 21-22an jokatuko den lauko kanporaketan erabakiko da zein izango den. Il Caporekin batera, Txikipolit, Arrasate eta Aloña Mendi taldeek jokatuko dute play-offa, bigarrenetik bosgarren postura sailkatuko direnak.
Bigarren itzuliko azken partida, beraz, play-offean aurkari izango duen talde baten kontra jokatuko du Il Capo Hondarribiak. Javi de la Hazaren taldea laugarrena da, eta zarauztarrak bigarrenak. Hondarribiak irabaziko balu berdinduko lukete, eta hiru goleko errentarekin egingo balu, Txikipolit aurrerako luke sailkapenean, hirugarren geratuz —bigarren Arrasate izango litzateke—.
Galduz gero, laugarren edo bosgarren bukatuko dute lehen fasea. Galduta ere, liga hasierako arazoak kontuan izanik, inork ez luke imajinatuko hondarribiarrek hain goian bukatzeko aukera izango zutenik.