EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hitzaldia eman zuen atzo Hondarribian, koalizioaren herriko batzarrak antolatutako ekitaldian.
Arnaldo Otegi, atzo, Hondarribiko Kultur Etxean
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Hondarribiko Kultur Etxeko areto nagusia bete zuen atzo, koalizioaren herriko batzarrak antolatutako ekitaldian. 19:00etan zen hastekoa, baina minutu batzuez atzeratu zen, ikusle batek sartzerakoa erorikoa izan zuelako, eta osasun zerbitzuek artatu behar izan zutelako.
Bere solasaldiko lehen hitzak Sara Majarenasi eskaini zizkion elgoibartarrak. Atzo libre geratu zen donostiarra, zigor osoa bete eta gero. “Preso bat gutxiago”, esan zuen Otegik, baina bide luzea geratzen dela gaineratu zuen.
Gure geroa gobernatzeko, autonomiatik subirautzara zuen izenburu atzoko solasaldiak eta horretaz mintzatu zen EH Bilduko kidea, etorkizuna eraikitzeko ezker abertzaleak egin behar duen bidea marraztuz. Bere ustez, gatazka politikoa gainditzeko akordio zabala behar da, eta EH Bilduk horretan jarri beharko lituzke indarrak hurrengo hilabeteetan. Nolanahi ere, ezker abertzalearen helburua independentzia dela berretsi zuen, eta hori aintzat hartzen ez duen edozein akordio, baliagarria bai, baina behin-behinekoa izango dela erantsi zuen.
Zentzu horretan, Kataluniak abiatutako bidea hizpide izan zuen, eta Kataluniako herriarekin lerrokatzeko beharra nabarmendu zuen. Kataluniaren ondoan egonez gero, nazio artean ateak zabaltzen direnean, une horretaz baliatzeko aukera izango luke Euskal Herriak.