Apirilaren 8rako mendi ibilaldia antolatu dute, Hondarribiko Udalaren "proiektu suntsitzailea" non eraikiko litzatekeen ezagutzeko.
Jaizkibel eta Aiako Harriko korridore ekologikoan dago Zaldunborda
Bidasoaldeko Lagunak plataforma ekologistak Zaldunbordara mendi irteera egingo du apirilaren 8an, goizez. “Gaintxurizketa ondoan dagoen nekazaritza eremu hau larre eta zuhaizti mosaiko tipikoa da eta Jaizkibel mendiaren hegoaldeko hegalean dago”, azaldu dute.
Bertan, Hondarribiko Udalak outlet herrixka bat eraikitzeko asmoa du, eta dagoeneko tramite bidean da, EAEko Auzitegi Nagusiak
Dendartean Gipuzkoako Merkatarien Elkarteak jarritako errekurtsoa tramitera onartu duen arren. Hondarribiko oposizioko alderdi guztiak proiektuaren kontra daude, eta ekainean
Irungo Udalak egitasmoa geldiarazteko eskatu zuen aho batez.
Bidasoaldeko Lagunen ustez, “hidrokarburoak biltegiratzeko eta banatzeko proiektu bat” izan daiteke Zaldunbordaren kalifikazioa aldatzeko benetako arrazoia. Proiektu bat ala beste bat izan, lurzorua nekazaritza erabilekoa bezala mantentzea eskatzen du Bidasoaldeko Lagunak plataformak: “Hartutako eremua betiko suntsitzeaz gain, ingurumenarekiko eta tokiko ekonomiarekiko eraginak ere larriak dira, eta ondorioz, besteak beste, ibilgailuen trafikoa handituko litzateke, Natura 2000 Sarearen babestuta dauden natura guneen arteko lotura ekologikoa oztopatuko litzateke eta salgaiak urrutitik garraiatu beharrak inpaktu handia izango luke”.
Horregatik guztiagatik, Zaldunbodara mendi ibilaldia antolatu dute. Apirilaren 8an egingo dute, 09:30ean Katea-Landetxako Renfeko geltokitik abiatuta. Ibilaldi erraza dela ziurtatu dute, eta bi ordu eta erdi inguruko iraupena izango duela. Zandunbordara iritsita, outlet herrixkari buruzko azalpenak emango dituzte antolatzaileek.